Ortzegun goizean hasi ziren Arantzako inauteriak. Goizeko 8:30ean elkartu ziren mozorro zuriak Primitivo ostatuan. Han jan edariak ez dira faltatu. Talde koxkorra bildu dira eta horren ondorioz, sukalde hartu behar izan dute denak sartu ahal izateko. Inauteriak gazteek antolatzen dituzte. Beraien artean elkartu eta denen artean egin. Urtero zerbait berria sartu nahi izaten dute eta aurten, baserrietako eskea egiteko bertsolariak ekarri dituzte, zehazki, Jon Maia eta Jesus Mari Irazu. Gazteek mahaiko jaki goxoak ia xahutuak zituztenean hurbildu dira, baina martxa ederki hartu dute segiduan. Baserri eta herrian egindako eskean biltzen duten diruarekin estaltzen dute inauterien aurrekontua, ezustean goratzen baita. Dena dela, eskean nahiko diru aterako ez balute, gazteek jartzen dute falta dena. Mozorro zuriak deitu arren, ostegunean ez zuten halako itxurarik. Denek alkandora kuadrokaria, galtza urdinak eta lepoko zapia eramaten bai zuten. Nonbait, ostiralean janzten dituzte arropa zuriak herrian eskea egiteko.
Behin gosaria akituta ostatuaren kanpoko aldean inauteriak iragartzeko lehen suziria jaurti dute. Ondotik, trikitilari eta pandero joleek lagunduta, ostatua eta eskola arteko bidea osatu dute. Ordurako haurrak zain zeuden. Haurrek eskolan papera erabiliz “puxka-puxka” deritzonak egiten dituzte. Orain aste bat inguru hasi ziren eta haur bakoitzak bereak eta beste pare bat egiten ditu mozorro zuriei banatzeko. Behin mozorro guztiek beraien “puxka-puxkak” jarriak zituztenean, Jon Maia eta Jesus Mari Irazu bertsolariek bertso-kanta berezi bat egin dute. Mozorroei estribiloa erakutsi eta bestelakoa bertsolarien esku. Ondotik, berriz ere soinularien laguntzarekin haur eta gazteek kalejira bat egin dute eskolako patioan eta azkenean agurtu eta baserrietara abiatu dira. Garai batean baserri zehatz batzuetan egiten zuten bazkaria, baina gaur egunean ez dute halakorik egiten eta baserrietan ematen dietenarekin nahiko eta sobera izaten dute bazkaria ordezkatzeko.
Egun osoko jarduna izanen dute aranztar gazteek eta ziur baserrietako eskea bukatu orduko egunaren argi printzak itzaliak izanen direla, baina ez hala bestarenak. Arantzan baserri aunitz badira eta hortaz ibilbidea luzea izanen da, baina egia dena da inauteriak ez direla soilik herrira mugatu behar eta baserriak ere herrikoak direla.
Ortziral eta larunbatean segida izanen du bestak.
Inauterien egitarauari dagokionez, ostiral goizean mozorro zuriek Primitibo ostatuan gosalduko dute eta ondotik, trikitilari eta pandero joleekin herrian barna ibiliko dira. Gauean emakume afaria izanen da eta mozorro zuriek Ekaitza elkartean afalduko dute. Gauerdian mozorro saltsak ez du etenik izanen eta dantzaldia izanen da Herriko Etxeko gorapean Modesto soinu jolearekin. Larunbatean ospatuko dute inauterien azken eguna, baina ziur inaute zaleek ahal bezain ongi aprobetxatu nahi izanen dutela eguna. Eguerdian mozorro zuriek bazkaria eginen dute. Arratsaldeko 16etatik 17etara haurren mozorroekin kalejira antolatu da herrian barna. Ilunabarrean, frontoian ikuskizuna izanen da eta gainera, aurten ez dakigu ziur Sanlucar de Barramedako hondartzetako lehia egiten duten zaldiak ote diren frontoira hurbilduko direnak edo Donostiako Hipodromokoak, baina bai, hurbiltzen diren guztiek umore ederrez jai giroaz eta zaldi lasterketa batetaz gozatzeko aukera izanen dutela. Ondotik ere, herri kirol erakustaldia eginen dute. Gaueko 21:30ean bertso afaria iragarrita dago Irazu eta Maia bertsolariekin eta gauerdian aurtengo inauteriei bukaera bikaina emateko Jalisko Band taldearekin dantzaldia izanen da.