18/98 auziaren epaia salatu du Berako Udalak

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 17a

ANVk aldeko botua eman zuen eta gainerako udal taldeak abstenitu

Berako Udalak, abenduaren 20an egin zuen batzarrean, ANVren aldeko botuekin eta EA, Aralar eta PNVren abstentzioarekin, irmoki salatu zuen 18/98 epaia eta horren gibelean dagoen Euskal Herriaren aurkako erasoa. Berako Udalak onartutako idatziaren arabera, “Espainiar Estatuak, epai honen bitartez. Euskal Herriaren eraikuntzaren alde lanean ari diren herritar eta kolektiboak kriminalizatzen ditu. Euskal Herriaren independentzia bultzatzen duen mugimendu politikoa jazartzen du”. Epai honen oinarrian Euskal herritarren eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso estrukturala dagoela uste du Berako Udalak.

Berako Udalak argi adierazi nahi du Espainiar estatuan ez dagoela demokraziarik ezta Euskal Herriarentzako etorkizunik ere. “Espainiar estatuak bere Konstituzioa eta salbuespen legedia erabiltzen du Euskal Herria ukatzeko, konponbide demokratikoari ezetz errateko, herri honen eskubideei ateak ixteko”.

Berako Udalak konponbide demokratikoa aldarrikatzen du, “euskal herritarrok egitasmo politiko guztien artean bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidean oinarrituko den konponbide demokratikoa, hain zuzen ere”. Hortaz, Berako Udalak ez du onartuko herri honi iruzurrik inposatzea.

Berako Udalak bat egiten du Euskal Herriaren eskubideen alde lan egiteagatik 18/98 sumarioan auziperatu eta zigortuak izan diren gizon emakume guztiekin, eta elkartasun zein babes osoa agertu die. Modu berean, 18/98 epaia eta Euskal Herriaren aurkako etengabeko erasoei erantzuteko antolatuko diren mobilizazio guztiekin bat egin du Berako Udalak eta horietan parte hartzeko deia luzatzen die herritarrei.

Azkenik, Berako Udalak Euskal Herriaren eskubideen alde lan egiten segitzeko deiarekin bat egin eta horretara animatzen ditu udalerriko talde, kolektibo eta herritar oro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun