Lesakako BBVAko bulegoak jasotako erasoa salatu dute EAk eta udal Gobernu Batzordeak

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 16a

Larunbat gauerdian ezezagun batzuk hamar bat koktel molotov bota zituzten Lesakako Albistur karrikan BBVA banketxeak daukan egoitzaren kontra. Horietako lau egoitzaren barrenean sartu omen ziren eta kalte material handiegirik eragin ez bazuten ere, nabarmenak ziren banketxearen paretetako beltzuneak.

Eraso honen aitzinean, Nafarroako Eusko Alkartasunak ekintza erabat kondenatu du eta kaltetutakoei elkartasuna adierazi die. EAren ustez, “honelako ekintzek ez dute gatazkaren konponbidean laguntzen, alderantziz, gure gizartean daukagun krispazioa handitu bertzerik ez dute egiten”.

Lesakako Udaleko Gobernu Batzordeak, ildo beretik, adierazpena karrikaratu du. Lesakako Udalak dioenez, BBVAk gure herrian izan duen erasoa gaitzesten dugu eta gure erabateko solidaritatea azaltzen dugu kaltetuekin. Lesakako Udalaren erranetan, “era honetako ekintzak onartezinak dira berez, eta gainera elkarbizitzarako zailtasunak gehitzen dituzte eta gizartean dagoen krispazioa areagotzen dute”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun