Aurten inoiz baino goizago izanen dira inauteriak eta Bortzirietan, urtero bezala, Arantzakoak izanen dira mozorro besta pizten lehendabizikoak. Ortzegun honetan, ilbeltzaren 17an, hasiko dira, eta larunbatean bukatu. Protagonista nagusiak mozorro zuriak izanen badira ere, eskolako ikasleak ere ortziral eta larunbatean eskean ibiliko dira eta nork daki, baliteke mozorro beltzak ere agertzea.
Ortzegunean, goizeko 9:00etan mozorro zurien gosaria eginen da Primitibo ostatuan. Ondotik, mozorro zuriak eskolara joanen dira. Bi taldetan banatu eta baserriz baserri ibiliko dira trikitilariekin eta Jexux Mari Irazu eta Jon Maia bertsolariekin.
Ortziralean, ilbeltzaren 18ko goizean mozorro zuriek Primitibo ostatuan gosalduko dute. Ondotik trikitilari eta panderojoleekin herrian barna ibiliko dira. Gauean Emakume Afaria eginen da. Mozorro zuriek, bere aldetik, Ekaitza Elkartean afalduko dute. Gauerdian, dantzaldia izanen da Herriko Etxeko gorapean Modesto akordeoilariarekin.
Larunbatean, ilbeltzaren 19an, eguerdian mozorro zuriek bazkaria eginen dute. Arratsaldeko 16:00ak eta 17:00ak artean, haurren mozorroekin kalejira izanen da herrian barna. Ilunabarrean, frontoian ikuskizun berezia ikusgai izanen da: zaldi lasterketa eta herri kirolak. Arratseko 21:30ean bertso afaria izanen da Jexux Mari Irazu eta Jon Maia bertsolariekin. Gauerdian Jalisko Band taldearekin dantzaldia izanen da, inauteriak akautzeko.