Igor Portu eta Mattin Sarasola gartzeleratu dituzte

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 14a

Senideek bisitatzeko aukera izan zuten Zaragozan eta Soto del Realen

Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarrak espetxeratzeko agindua eman du Grande-Marlaska epaileak. Biek tortura larriak salatu dituzte eta beraien testigantzak, inkomunikaziopean eginak izan arren, berdinak direla onartu behar izan du epaileak. Erran beharrik ez da salaketa horrek hauts aunitz harrotu dituela politika munduan. Espainiako alderdi nagusiek, itsu-itsuan sinesten dute oraindik Rubalcaba Barne Ministroaren bertsio ofiziala, alegia, bi lesakarren zauriak atxilotzerako orduan egin zirela dioenak. Baina atxiloketen lekuko izan zen pertsona batek eta Portu eta Sarasolaren deklarazioek bat egiten dute, atxiloketa ez zela bortitza izan aipatzerakoan. Hau kontuan hartzekoa da, inkomunikazioaren eraginez, bi lesakarrek ez baitzuten komunikabideetan ateratzen ziren bertsioen ezta elkarren berririk ere.

Igor Portuk Zaragozako Zuerako espetxean eta Mattin Sarasolak Madrilgo Soto del Realekoan, familiakoen bisitak jaso zituzten igande arratsaldean. Oraindik ere kolpe markak agerian dituztela aipatu dute familiakoek, nekatuak daudela baina animoz indartsu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun