Duela urtebete Gavarnie zirkuko Taillon mendia eskalatzen ari zirela hildako Xabier Zubieta, Luis Mari “Loro” Pikabea eta Xabier Saralegi gogoan, ekitaldi hunkigarria antolatu zuten larunbatean, urtarrilaren 12anManttale Mendi Lasterketa taldeak, Agerra Mendi taldeak eta Gure Txokoak, Berako Udalaren laguntzaz.
Hain zuzen ere, egun horretan eginen den Mendiko Egunaren barrenean, Santa Barbarara lehenbiziko igoera egin zen arratsaldean. Kiroldegitik abiatuta Santa Barbara igo ziren mendizaleak bikoteka. Guzira 53 bikote aritu ziren lasterka, baina konpetizioa baino gehiago, hildako hiru mendizaleen omenezko ekitaldi bezala ulertu zuten bai antolatzaileek, baita partehartzaileek ere. Honela, gisa honetako probetan parte hartzeko ohitura handiegirik ez duten kirolariak ere animatu ziren proba honetan parte hartzera. Gainera, proban parte hartu ez, baina korrikalariak animatu nahi zituztenentzako ibilaldi gidatua ere izan zen.
Etxegarai eta Larrazabal azkarrenak
Inongo palmaresean agertuko ez bada ere, hiru kilometro terdiko igoera eta bi kilometro terdiko jautsiera azkarren egin zuen bikotea, Manttaleko Fernando Etxegaraik eta Euskal Herriko selekzioko Joxe Felipe Larrazabalek osatutako bikotea izan zen, 23 minutu eta 40 segunduko denborarekin. Aipatzekoa da, gizonen bikoteak ez ezik, bikote mixtoak eta neskek bakarrik osatutakoak ere atera zirela, beti ere Zubi, Loro eta Xabi gogoratzeko helburuarekin bat eginez. Antolatzaileek, konpetizio kutsurik batere ez duen proba honi segida emateko borondatea erakutsi dute.
Goizean oroitarria paratu zuen Agerra Mendi Taldeak
Santa Barbara igoera ez zen hiru mendizaleen omenez larunbatean Beran egin zen ekitaldi bakarra. Santa Barbarako kaxkoan oroitarria ezarri eta omenaldi ekitaldi hunkigarria egin zen larunbat goizean. Eguraldi kaxkarrari aurre eginez, hainbat senide, lagun eta mendizale bildu zen, Agerra mendi taldearen deialdiarekin bat eginez. Goizeko 9:30ak aldera abiatu ziren Agerra Mendi taldetik, Santa Barbarainoko ibilaldia oinez egitera animatu zirenak. Hori bai, txubaskero eta euritakoz ongi hornitu behar izan zuten, euriak eta haize zakarrak ez baitzuten atsedenik ematen. Baina inork ez zuen galdu nahi Zubi, Loro eta Xabiren omenez egin behar zen ekitaldia . Hildako mendizaleen etxekoak eta kaxkora eramateko beharra zutenek geroxeago abiatu ziren mendiko ibilgailuetan.
Behin Santa Barbaran, omenaldi ekitaldi hasi zen euripean. Lehenik, oroitarriaren gainetik ikurriña kendu zuen Sabino Kortak eta oroitarri horretan plaka ezarri zuen. Ondotik, etxekoek bortz lore sorta ezarri zituzten eta oroitarriaren bedeinkazioa egin zuen On Frantziskok. Segidan, txistulari taldearen doinuekin aurreskua dantzatu zuen Iñaki Eskuderok. Gero, Berako Abesbatzaren eta Julen Zelaieta bertsolariaren txanda ailegatu zen, txandaka bere doinuak eta kantuak hedatu baitzituzten Santa Barbara tontorrean. Azkenik, “Agur Jaunak” abestu zuten Abesbatzak eta partehartzaileek. Eguraldiak bertze deustarako aukerarik ematen ez zuenez, eta batzuk, arratsaldean egitekoa zen Santa Barbarako igoeran parte hartzekoak zirenez, segidan jautsi ziren herrira, beti ere, Zubieta, Loro eta Xabiren oroitzapena buruan zutela.