Igor Portu eta Mattin Sarasolaren atxiloketak torturaren kontrako aldarrikapena ekarri du

TTIPI TTAPA 2008ko urt. 14a, 11:31

Urtarrilaren 7ko agerraldia eta urtarrilaren 9an udalak «Lege antiterroristaren kontra, Torturarik ez» deitutako kontzentrazioa. TTIPI TTAPA

Guardia Zibilak atxilotu eta 16 ordura Donostiako Ospitaleko UCIan sartu zuten Igor

Igor Portu Juanena eta Mattin Sarasola Iarzabal herritarrak atxilotu zituen urtarrilaren 6ko goizean Guardiazibilak Arrasaten. Polizia iturriak aipatuz, hainbat agentziek jakinarazi zutenez, kontrol batean antzeman zituzten eguerdian eta bi pistola zituzten, nahiz eta gero lekuko batek bertsio hori gezurtatu duen.
Atxilotu orduko, inkomunikaziopean jarri zituzten. Madrilera eramanen zituztela zabaldu bazen ere, gero beraien etxebizitzak miatzera etorriko zirela jakin zen. 22:00ak aldera Guardia Zibilak herri osoa hartu zuen. Lehenik, Mattinen gurasoen etxebizitza eta ondotik, Igor Porturen pisua eta beraien gurasoena miatu zituen Guardia Zibilak. Nekaturik, baina ongi zeudela nabarmendu zuten ikusi ahal izan zituztenek.

Igor Portu larri Donostiko ospitalera

Igor Portu lesakarra Donostiako ospitaleko UCIra eraman zuten urtarrilaren 7ko goizaldean, saihetsa hautsita eta biriketako arazoak zituela. Mediku iturriek aipatutakoaren arabera, “hautsitako saihets batek birika zulatu eta haizea galdu du”. Horretaz gain, begi batean odoljarioa eta hainbat kolpe agerian dituela aipatu zuten Donostiako Ospitaletiketa Igor berak, ukabilkadak eta ostikadak jaso zituela erran zuen, bertzeak bertze.

Udala ahobatez inkomunkazioaren kontra

Urtarrilaren 7ko eguerdian bizilagun talde batek, atxilotuen senide eta lagunak tartean, prentsaurrekoa eskaini zuen. «Atxiloketak gertatutakoan genituen susmo eta beldurrak bete dira. Gorka Lupiañezen testigantza beldurgarria aditu genuen eta orain ere hori bete da. Amnistia Internacional erakundearen arabera, Euskal Herrian 7.000 tortura kasu baino gehiago gertatu dira azkeneko 30 urteetan«.
Egun berean, ez ohiko batzarra egin zuen udalak eta ahobatez onartutako mozioak zioenez, «bada garaia, aski da! errateko. Justizian oinarritzen den jendarte batek ezin du onartu torturaren erabilera eta honen desagerpenerako neurri sendoak hartu behar ditu». PNV, Onin eta EAko zinegotziek, gogor eta argi salatu zuten Igor Portuk Guardia Zibilaren eskutik jasandako tratua: «Agerikoa da Estatuko Indar Polizialek atxilotuen eskubideak errespetatu ez dituztela, eta inkomunikazioaren funtsa bakarra urraketa hauei bide ematea eta zigorrik gabe burutzeko espazioak sortzea dela». Inkomunikazioaren deuseztea eskatu zuten. Udalak “Lege Antiterroristaren kontra, torturarik ez” lemapean kontzentrazioa deitu zuen hilaren 9an, bortz herrietako udalei zein herritarrei gonbidatuz. Kontzentrazio honetan 400 bat lagun bildu ziren.

Torturaren aurkako aldarrikapenak indarra hartzen zuen neurrian, Portu eta Sarasolaren kontrako salaketak ere gogortu zituen Espainiako Barne Ministerioak. Hasieran ETAko kide eta armak edukitzea leporatzen zieten, mugalari izatera pasatu ziren gero eta azkenean, hainbat atentaturen egiletzat jo dituzte, beti ere inkomunikazioan egindako adierazpenen ondorioz. Barajasko aireportuko atentatuaren egiletzat ere jo dituzte, nahiz eta irailean atxilotutako bertze lau laguni kargu bera leporatu. Porturi ospitalean eta Mattini Audientzia Nazionalean hartu zien deklarazioa epaileak eta biak gartzeleratzea agindu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun