Kaldereroak kolokan

TTIPI TTAPA 2008ko urt. 14a, 09:15

Inauterietan Kaldereroak ospatu izan dira azken 30 urteetan. Hasierako urte haietan parte-hartze zabala izan bazen ere, besta hau ez da ongi errotu. Parte-hartzea gero eta eskasagoa da eta antolaketa lanetan aritzeko gero eta jende guttiago dago. Orain arte Kultur Batzordeak bere gain hartu du ekitaldi hau antolatzeko ardura baina jende guttik parte hartzen duenez, eta karrikatan ikusle gutti izaten denez, besta antolatzen segitzeak ez duela aparteko zentzurik uste du. Hortaz, Kultur Batzordeko kideek bestarekiko interesik lukeen herritar edo elkarteei nahiz aurtengo bestaren antolaketaz arduratzeko prest daudenei, dei egiten diete honen inguruan gogoeta egiteko. Kultur Batzordeak beharrezko azpiegitura eta laguntza guztia eskainiko luke nahiz eta aurtengoan ez duen antolatuko. Urtarrilaren 16ean 19:00etan Kultur Etxean bilera irekia izanen da besta honen etorkizunaz solasteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun