Litekeena da Bortzirietako hondakinak Iruñera eramatea

TTIPI TTAPA 2008ko urt. 14a, 09:13
Duela hilabete batzuk Ibardingo zabortegia bisitatu zuten hainbat teknikarik eta eskualdeko alkateek. TTIPI TTAPA

Joan den urriaren 31z geroztik Ibardingoa «legez kanpokoa» da

Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatean oraindik erantzun ofizialik jaso ez badute ere, badirudi Bortzirietako hondakin solidoak Iruñeko Gongora zabortegira eramanen direla. Hasiera batean Tuterako El Culebrete biometanizazio plantara eramatea aurreikusi zen, baina horrek garraioan gastu haundiak sortuko lituzke. Irtenbide bila, Bortzirietako Hiri Hondakinean Mankomunitateak eskaera aspaldi egin zuen, eta orain, antza, Gongorako zabortegira eramanen dira Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako hondakin solidoak. Hartara, egunero Tuteraraino eramateak ekarriko lukeen garraioaren gastua murriztu eginen da.

Araudiak hala eskatuta, joan den urteko urriaren 31rako Ibardingo zabortegiak itxita egon beharko luke. Oraindik martxan dago eta alde horretatik «legez kanpokoa» dela erran liteke. Bortzirietako Mankomunitatean adierazi digutenez, Nafarroako Hiri Hondakin Solidoen Partzuergoaren bitartez presioa egiten segitu dute arazoari soluzioa emateko, eta azkenean badirudi lortzear daudela. Dena den, ez dute ofizialki erantzunik jaso eta informazio aunitz prentsaren bidez jaso dutela ere salatu dute.

Tuterara eraman beharrean Iruñera eramateak gastuak eta kamioien ibilbidea ere murriztuko luke. Izan ere, El Culebretera garraiatzeak urtean 240.000 euroko gastua sortuko lukeela aurreikusia dute Bortzirietan. Hala ere, Zozaian eginen den biometanizazio planta eraikitzean gastua ttikiagoa izanen litzateke.
Bertzalde, aipatu, Baztan eta Malerrekako zaborrak Tuterako El Culebretera eramanen direla.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun