Auzotarrak kontra dauden bitartean Orsak lanak laster hastea espero du

TTIPI TTAPA 2008ko urt. 14a, 09:05
TTIPI TTAPA

Eztabaida bizi bizi dago. Orsa enpresak Alkaiagan berriz martxan paratu nahi duen asfalto lantegiak hautsak harrotu ditu. 2006ko ekainean, Alkaiagan lehendik zuen lantoki zaharra itxi eta Berrizaunen (Igantziko Bentak) egin nahi izan zuen instalazioa enpr

Hasieran Alkaiagakoak eta orain Agerra auzokoak ere bai. Protesta aitzinera doa eta auzia epaiketetan dago. Agerra auzo-bilerak aurkeztutako mozioa puntuz puntu aztertu zuten abenduaren 20ko Berako udalbatzarrean eta aho batez onartu zuen lantegia Alkaiagan egitea ez dela «batere egokia, halako jarduera batentzat ez da tokirik egokiena herri sarrera, etxeko ataria, Alkaiaga eta Agerrako hainbat etxebizitza bertatik bertara dituela, eta Berako herri osoa 2.000 metroren inguruan». ANV eta Aralarren aldeko eta EA eta EAJren kontrako botoekin, Lesakako Udalari egonezina agertzea ere onartu zen. Aitzitik, ANVk bakarrik babestu zuen epaiketetako gastuetan laguntzeko puntua.

Jexux TAPIA- Alkaiagakoa/«Bat bertzeari kulpa, bertzeak bertzeari. Auzoa haserre dago Lesakako Udalarekin»

100 bat metrora bizi naiz, baldin badira. Lehenenago 17-18 urtetan egon da planta hemen eta ongi dakigu zer den: soinua, hautsa eta usaina. Udan ezin da leihorik ireki, gabaz lanean aritzen dira eta gaba dezente baditugu lorik egin gabe galduak. Hautsak kentzen ere ordu aunitz pasatu ditugu. Baina hori baino tristeagoa da Lesakako Udaletik jaso dugun idatzia, ez dugula kexarik egin erranez. Gezurra da edo ez dira enteratzen? Planta hemen zenean hasi ginen kexak egiten. 94ko uztaileko kexaren agiria hemen dut, eta horrez gain, auzotarren 90 bat sinadura bilduak badira. Hori ere ez da ageri. Bere garaian mugitzen hasi ginen, baina Igantzira zihoala eta lasaiago gelditu ginen. 95ean alkatearekin bilera egin, eta orduan alkate zen Juan Fermin Mitxelenak asfalto plantaren kontua atzentzeko eta gai hori baztertua zegoela erran zigun. Eta hara non, 2006ko uztailean berriz honat datorrela! Lehengo alkateak gauzak gaizki egin zituela, eta oraingoak zer? Gauzak ikusteko denbora izan dute baina ez dute deus jakin nahi, hor tartean zerbait dagoela argi dago. Bariantea, industrialdea, atena zahar bat… Batek bertzeari kulpa, bertzeak bertzeari. Auzoa haserre dago Udalarekin. Kontua abokatuen esku dago, baina azken baimena Lesakako Udalaren esku.

Pedro SANTURDE-Orsa lantegia/«Jendeak halako instalazio bat zer den ongi ez jakitea dela arazoa uste dut, baina sinplea da prozesua»

Brea egiteko labe bat kokatzea da asmoa, Igantziko harrobian dagoenaren hagitz antzekoa. Alkaiagan lehen asfalto planta bat zegoen, eta hasieran bertzerik gabe, harrobiko zulora eraman nahi izan genuen. Baina azkenean, Ingurumen eta Industria departamentuak eta Lesakako Udalak proiektu berri bat eskatu ziguten. Orain lekuz aldatzeko baimena da duguna, eta hori aprobetxatuz araudi berriari egokituz eraberritu egin da proiektua. Bisualki %100ean eraginen du, errepidearen ondoan egotetik harrobi barrenera eramanen da eta soinu aldetik ere guttiago nabarituko da. Alkaiagan zegoen aitzineko plantarekin ez genuen bizilagunen kexarik jaso. Are gehiago, harrobiaren ondoan etxebizitza bat egiteko baimena eman zen. Baina instalazio eta kokaleku berri honek lehen baino arazo guttiago eraginen dizkie ingurukoei. Instalazioa oraindik ez da paratu, arazo tekniko bat egon delako. Orain hor kokatzeko baimena badugu eta hilabete baten buruan edo, dena bukatua egotea espero dugu. N-121A errepideko obrak nola doazen ikusita, ordurako instalazioa hor egoteko konpromisoa hartua dugu. Jendeak halako instalazio bat zer den ongi ez jakitea dela arazoa uste dut, eta horrek sortzen duela beldurra, baina prozesua sinplea da.

Koldo ERKIZIA-Lesakako alkatea/«Orsak asfalto planta lekuz aldatzeko baimena bakarrik du, ez du bertzerik egiteko baimenik»

Garbi gelditu behar du, Orsak lehenago Alkaiagan zegoen asfalto planta lekuz aldatzeko eskaera egin duela. Hori da ofizialki egin duena, 40 bat metro haratago lekuz aldatzeko eskaera eta horretarako baimena badu. Bertze zerbait eginez gero, hori ez litzateke legala izanen. Ni nerone ez naiz bertan egondu eta ez dakit orain fisikoki hor dagoen ala ez, baina eskatutakoa ez den zerbait egiten hasten badira, guk kontrola eramanen dugula argi gelditzea nahi dut, eta hala bada behar diren neurriak hartuko dituela Lesakako Udalak. Aitzineko Udalak jarduera eta obra baimenak eman zituen, eta ondotik bizilagunek alegazioak aurkeztu zituzten eta Udalak Ingurumen eta Osasun Departamentura bidali zituen. Handik bueltan erran ziguten alegazio horiek ez zirela kontuan hartuko eta berretsi egin zen baimena. Hori bai, guk zorrotz jarraituko dugu eurek tramitatutakoa bete dezaten. Jendearen artean enpresak planta berria eraiki behar duela ere zabaldu da, baina guk ez dugu horren dokumentu ofizialik jaso udaletxean. Hagitz bertzelakoa da estraofizialki zer ateratzen den... Enpresak planta berria egin behar duela erraten badigu, orduan tramitazioa berriz egin beharko da, baina oraingoz guk ez dugu horren berririk.

Josu IRATZOKI-Berako alkatea/«Lesakako Udalari txostena zorrotz begiratzeko eskatzen diogu, azterketa seriorik ez baitugu ikusten»

Berako Udala berandu samar ibili da, guztia prestatzen zirenean ez baitzen erne ibili. Lesakako lurretan dago Alkaiaga, baina ondorioak jasanen dituena Alkaiagarekin batera Berako herria izanen da. Agerrakoak bertan daude, harrobitik 300 bat metrora, eta arduratzen gaituen kontua da. Gure ustez kokalekua ez da batere egokia, eta badira leku hobeak planta hori paratzeko. Txostenean bertan erraten da, osasunarentzako txarra den jarduera bat dela, eta hori kontuan hartu behar da, eta baldintza minimoak errespetatu. Legeak dio lehen etxeekiko 2.000 metroko distantzia izan behar duela. Garbi dago, horko ke eta soinuek Alkaiagakoei zuzen-zuzenean eraginen dietela. Agerrakoei ez hainbertze agian, baina eragina somatuko da. Enpresak lekuz aldatzeko baimena eskatu zuen, baina planta hori ez dago hor eta ez badago lekuz aldatzeko eskatzea… Berako herriak orain ezin du epaiketan sartu, bere garaian Udalak ez zuelako alegaziorik aurkeztu, eta orain berandu da. Dena den, Alkaiagako auzotarrei gure atxikimendua adierazi nahi diegu eta Lesakako Udalari txostena zorrotz begira dezan exijitu, azterketa seriorik ez baitugu ikusten. Berako Udalari ere informazioa ematea ere eskatzen diogu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun