Donostiako Lurralde Auzitegiko Lehen Instrukzio epaileari Igor Portuk egindako deklarazioari publiko egin du gaur goizean Torturaren Aurkako Taldeak. Bertan, tortura larrien berri eman du lesakarrak.
Atxiloketa uneari buruz agertu duena, bat dator lekuko izan zen herritar batek Bergarako Epaitegian deklaratutakoarekin.
Igor Portuk tortura gogorrak jaso zituela adierazi du Donostiako 1. Instrukzio Epailearen aurrean. Portuk epaileari agertu dionez, atxiloketaren ondotik hasi zitzaizkion Guardia Zibilak jotzen, "Nortasun agiria eskatu zidaten, eta miatzen hasi ziren, lau guardia zibilekin patrol batean sartu ninduten, eta handik gutxira muturrekoak eta zartakoak ematen hasi zitzaizkidan”.
Porturen testigantzak bat egiten du, ortzegunean, Bergaran (Gipuzkoa) deklaratu zuen lekukoarekin. Biek atxiloketa “garbia” izan zela adierazi dute. Lekukoaren arabera, ez zuen inork ihes egiteko asmorik izan, eta atxilotuek ez zioten aurre egin poliziari.
Portu atxilotu zutenetik inkomunikatuta daukatela kontuan hartuz, ezin izan da aitzinetik hitzartutako deklarazioa izan.
Bi testigantzek hankaz gora uzten dute Espainiko Barne Ministroak emandako bertsio ofiziala. Horren arabera, atxiloketa unean gertatu ziren kolpeak, poliziari erresistentzia jartzeagatik.
Porturen testigantzaren arabera, 11:00ak aldera atxilotu zuten. “Hiru edo lau patrol batean etorri ziren, NAN-a eskatu zidaten, eta lehen begiratu bat bota ondotik, miatzen hasi zitzaizkidan”. Lau guardia zibilekin sartu zuten patrol batean, bi aitzinean eta bi gibelean, eta bera erdian. “Handik gutxira, (atxiloketa eta 50 minutura) muturrekoak eta zartakoak ematen hasi zitzaizkidan”.
Porturen testigantzaren arabera, 11:00ak aldera atxilotu zuten. “Hiru edo lau patrol batean etorri ziren, NAN-a eskatu zidaten, eta lehen begiratu bat bota ondotik, miatzen hasi zitzaizkidan”. Lau guardia zibilekin sartu zuten patrol batean, bi aitzinean eta bi gibelean, eta bera erdian. “Handik gutxira, (atxiloketa eta 50 minutura) muturrekoak eta zartakoak ematen hasi zitzaizkidan”.
Patroletik atera ondoren baso batera eraman zuten, eta handik behera, ibai batera. Sarasola behean zegoen, eta hari zerbait egin ziotela adierazi du Portuk, tiro bat aditu zuelako, eta exekuzio baten simulazioa zela pentsatu zuen. Bera eraman zuten ondoren. “Sabelean, saihets hezurretan eta buruan jo ninduten. Kolpe gogorrrak izan ziren". Ibaian sartuko zutela erran zioten, eta belauniko jartzeko agindu zioten. Jotzen segitu zuten, eta burua uretan sartu zioten, ia arnasa hartzerik ez zuela utzi arte. Hainbat aldiz egi zioten hori.
Arrasaten bertan jipoi hori jaso zuela salatu du Portuk, eta handik Guardia Zibilaren Donostiako Intxaurrondo auzoko egoitzara eraman zutela. Han behin eta berriz jo zutela agertu du, batik bat, bularraldean eta saihets inguruan, eta zutik egotera eta flexioak egitera behartu zutela. Une batean gorputza manta batzuekin batu ziotela erantsi du, kolpeak ematen jarraitzeko.
Medikurik ez zuela eskatu zehaztu dio Igor Portuk epaileari, Guardia Zibilek jarrera gogortzeko beldurra zuelako. Gertatutakoari buruzko zerbait erranez gero, "ondorio txarrak" izanen zituela ohartarazi zioten.
Igor Portu Martuteneko espetxerra
Igor Portu Donostiako erietxean zegoen joan den astelehenetik, saihetsa hautsita eta birika zulatuta, igandean Guardia Zibilak atxilotu ondotik. Ospitalean bertan deklarazioa hartu eta gero, baldintza gabe espetxeratzeko agindu zuen atzo Grande Marlaska epaileak. Bertze bortz eguneko inkomunikazioa ere ezarri zion. Gaur goizeko 7ak aldera Martuteneko espetxera eraman dute, Torturaren Aurkako Taldeak jakinarazi duenez. Berri agentziek zabaldu dutenez, Portuk ez zien erantzun fiskalak eta epaileak egin zizkien galderei. Iturri horien arabera, Portuk epaileari esan zion bakarra zera da: inkomunikatuta eduki duten denboran Guardia Zibilak torturatu egin duela, eta mehatxu ere egin diotela.
Sarasolari gaur hartuko dio deklarazioa
Inkomunikazioa luzatzeko argudio gisa, Grande Marlaskak erran zuen Sarasolari gaur hartu behar diola deklarazioa Auzitegi Nazionalean. Inkomunikazioa torturatzeko erabiltzeaz gain, tortura hori estaltzeko ere erabiltzen dutela salatu du Askatasunak komunikabideetara bidalitako oharrean. Askatasunaren ustez, Auzitegi Nazionaleko epaileak ez du nahi inork Portu ikus dezan, eta ezta presoak inorekin solasterik ere. Hain zuzen ere, horregatik luzatu dio inkomunikazioa, Askatasunaren ustez. «Talde terroristako» kide izatea egotzi dio Grande Marlaskak Porturi, eta baita armak eta lehergailuak edukitzea ere. Aitzineko egunetan zabaldu bezala, Madrilgo Barajasko aireportuko atentatua egitea eta iazko abuztuaren 26an Castellón inguruan furgoneta bat leherraraztea ere leporatu dio. Hala, hurrenez hurren bi kasu horiek aztertzen ari diren Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazen eta Baltasar Garzonen aitzinean ere deklaratu beharko du Portuk, berri agentzien arabera. Iturri horiek diotenez, Sarasolak ere gauza bera egin beharko du.
Donostiako Lurralde Auzitegiko Lehen Instrukzio epaileak ere deklarazioa hartu dio Porturi. Efe berri agentziak zabaldu duenez, Donostiako Ospitalean azterketa medikua egin ondotik mediku txostenean jasotzen diren lesioak nondik datozen aztertzen ari da epaile hori. Beraz, Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta egon den Porturi deklarazioa hartu dio. Iturri horien arabera, ortzirala baino lehenago hartu zion deklarazioa. Torturaren Aurkako Taldeak publiko egin ditu epaile horri egindako deklarazioak.
Atxiloketa ez zela bortitza izan dio lekuko batek
Tortura salaketa hauen inguruan, aipatzekoa da atxikoletaren lekuko batek hau «garbia» izan zela eta «ez zela bortizkeririk izan» deklaratu duela Bergarako Epaitegian. Atxiloketa goizago izan zela ere aipatu du, «igande goizeko hamarrak eta hamar terdiak artean» eta ez zela kontrolik izan. «Bi atxilotuak menditik jautsi ziren, eta bapatean Guardia Zibila agertu zen. Karnetak eskatu ondotik, pakete bat topatu zieten, ez dakit autoan edo motxiletan, eta berehala eskuburdinak jarri zizkieten».