Lesakako Udalak Espainiako Futbol Federazioari utziko dio Mastegi futbol zelaia datozen hamarren urtetan, Espainiako Federazioak berak edo Nafarroako Futbol Federazioak antolatu ditzakeen kirol ekitaldi edo konpetizio ezberdinetarako. Akordioa ahobatez hartu zuen udalak eta trukean, Espainiako Futbol Federazioak Mastegin egin behar diren aldagelen eraikuntza subentzionatuko du.
Beti Gazte elkarteak eskatuta landu zen gaia udal batzarrean. Jakina denez, udal igerileku estaliek hartzen dute orain arte igerilekuen eta futbol taldeen aldagelak zirenak eta horregatik, aldagela berriak egiteko proiektua aurkeztu da. Jokin Pastor arkitektu teknikoak aurkeztutako proiektuaren arabera, aldagelen aurrekontua 198.237,80 eurokoa da. Beti Gazte elkarteak jakinarazi zuenez, Espainiako Futbol Federazioa lan hauek subentzionatzeko prest zegoen, beti ere udala federazio horrek eta Nafarroakoak antolatutako konpetizio ofizialetan futbol zelaia uzteko prest balego.
Beti Gazteko zuzendaritza batzordea horretarako prest zegoen eta udalak ere futbol zelaia uzteko akordioa hartu du. Halere, konpetizioak ofizialak ez direnean, edo futbol zelaia entrenamenduetarako edo ikastaroetarako erabiltzen denean, zerbitzu hori kostatzen dena kobratzen ahal duela jakinarazi du Lesakako Udalak.
Bortzirietako Gorrien kuotak
Futbol kontuekin segituz, baina gaiaz aldatuz, Bortzirietako Gorriak Lesakako Osasunako peña sortu berriak jakinarazi duenez, peñako kide izateko izena eman zutenek kuota ordaintzeko aukera dute. Horretarako Nafarroako Kutxan irekia dagoen kontuan diru-sarrera egin eta ordainagiria Koxkilla ostatuan dagoen egoitzan aurkeztu behar da. Diru-sarrera hau lehenbailehen egin behar da, denboraldi honetako ekitaldiak programatu ahal izateko.