Berako Kultur Batzordeak ez du Kaldereroen bestaren ardura hartuko

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 11

Urtarrilaren 16an, gogoeta bilera eginen dute eta laguntza eskainiko zaio antolatu nahi duenari

Ia 30 urte dira Kaldereroak berreskuratu zirela Beran. Lehenbiziko urteetako parte hartze zabalaren ondotik, batere errotu gabeko besta gelditu zen. Parte hartze eskasa, antolatzeko jende nahikorik ez, herritarren identifikazio eza kaldereroen bestarekiko… Herriko gainerako ohiturekin ez bezala, gutiagora etorri den besta da hau.

Badira urte batzuk Berako Kultur Batzordeak beregain hartu zuela kaldereroak antolatzeko ardura. Lehendik zetozen gaitz berak errepikatu dira urterik urte: jende guti entsaioetan eta parte hartzen, eta kaldereroak karriketan barna direla, karrikak hutsik, ikuslerik ez. Besta behar zuena, besta girorik gabe. Besta erakargarriagoa egite aldera, ibilbidea ere norabidez aldatu zuen Berako Kultur Batzordeak. Baina ez du inolako ondoriorik izan, ez parte hartzaileengan, ez ikusleengan.

Besta antolatu ez, baina laguntzeko prest dago Kultur Batzordea

Oraingo baldintzetan besta antolatzen segitzeak ez duela aparteko zentzurik uste du Berako Kultur Batzordeko kideek. Hortaz, bestarekiko interesik edo gogorik lukeen herritarrei edota herriko elkarteei dei egiten diete kalderero besten gaineko gogoeta egitera bildu daitezen, eta aurtengo bestaren antolaketaz arduratzeko prest direnei. Kultur Batzordeak beharrezko azpiegitura paratuko du besta antolatu nahi badu norbaitek, lagundu eginen du, baina ez du berak antolaketaren ardura hartuko.

Gogoeta bilera urtarrilaren 16an

Hortaz, bilera irekia eginen da heldu den asteazkenean, urtarrilaren 16an, arratsaldeko 7etan Berako Kultur Etxean, kaldereroen gainean gogoeta egiteko eta besta honen etorkizunaz aritzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun