Igor Portu Martuteneko espetxera eraman dute eta Mattin Sarasolak gaur deklaratuko du Auzitegi Nazionalean

TTIPI TTAPA 2008ko urt. 11a, 13:18

Igor Portu Donostiako erietxean zegoen joan den astelehenetik, saihetsa hautsita eta birika zulatuta, igandean Guardia Zibilak atxilotu ondotik. Ospitalean bertan deklarazioa hartu eta gero, baldintza gabe espetxeratzeko agindu zuen atzo Grande Marlaska epaileak. Bertze bortz eguneko inkomunikazioa ere ezarri zion. Gaur goizeko 7ak aldera Martuteneko espetxera eraman dute, Torturaren Aurkako Taldeak jakinarazi duenez. Berri agentziek zabaldu dutenez, Portuk ez zien erantzun fiskalak eta epaileak egin zizkien galderei. Iturri horien arabera, Portuk epaileari esan zion bakarra zera da: inkomunikatuta eduki duten denboran Guardia Zibilak torturatu egin duela, eta mehatxu ere egin diotela.

Sarasolari gaur hartuko dio deklarazioa

Inkomunikazioa luzatzeko argudio gisa, Grande Marlaskak erran zuen Sarasolari gaur hartu behar diola deklarazioa Auzitegi Nazionalean. Inkomunikazioa torturatzeko erabiltzeaz gain, tortura hori estaltzeko ere erabiltzen dutela salatu du Askatasunak komunikabideetara bidalitako oharrean. Askatasunaren ustez, Auzitegi Nazionaleko epaileak ez du nahi inork Portu ikus dezan, eta ezta presoak inorekin solasterik ere. Hain zuzen ere, horregatik luzatu dio inkomunikazioa, Askatasunaren ustez. «Talde terroristako» kide izatea egotzi dio Grande Marlaskak Porturi, eta baita armak eta lehergailuak edukitzea ere. Aitzineko egunetan zabaldu bezala, Madrilgo Barajasko aireportuko atentatua egitea eta iazko abuztuaren 26an Castellón inguruan furgoneta bat leherraraztea ere leporatu dio. Hala, hurrenez hurren bi kasu horiek aztertzen ari diren Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazen eta Baltasar Garzonen aitzinean ere deklaratu beharko du Portuk, berri agentzien arabera. Iturri horiek diotenez, Sarasolak ere gauza bera egin beharko du.

Donostiako Auzitegiak ere hartu dio deklarazioa Porturi, tortura susmoak direla eta

Donostiako Lurralde Auzitegiko Lehen Instrukzio epaileak ere deklarazioa hartu dio Porturi. Efe berri agentziak zabaldu duenez, Donostiako Ospitalean azterketa medikua egin ondotik mediku txostenean jasotzen diren lesioak nondik datozen aztertzen ari da epaile hori. Beraz, Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta egon den Porturi deklarazioa hartu dio. Iturri horien arabera, ortzirala baino lehenago hartu zion deklarazioa. Mediku txostenaren ondorioz ireki diren aurretiazko eginbideetarako informazioa metatzen ari da epailea. Eginbideak akautu ondotik erabaki beharko du auziarekin segitzen duen edo, auzia bertze epaitegiren bati dagokiola erabakiz gero, inhibitu egiten den.

Atxiloketa ez zela bortitza izan dio lekuko batek

Tortura salaketa hauen inguruan, aipatzekoa da atxikoletaren lekuko batek hau «garbia» izan zela eta «ez zela bortizkeririk izan» deklaratu duela Bergarako Epaitegian. Atxiloketa goizago izan zela ere aipatu du, «igande goizeko hamarrak eta hamar terdiak artean» eta ez zela kontrolik izan. «Bi atxilotuak menditik jautsi ziren, eta bapatean Guardia Zibila agertu zen. Karnetak eskatu ondotik, pakete bat topatu zieten, ez dakit autoan edo motxiletan, eta berehala eskuburdinak jarri zizkieten».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun