Beran erlijiorako erabiltzen diren ondasunak eta eraikinak ez pribatizatzeko beharrezkoak diren prozedura legalak eginen ditu Berako Udalak, baita gisako egoeran dauden bertze ondasunena ere. Horrelaxe erabaki zen azken udal batzarrean, ANVren aldeko botuarekin eta EA, Aralar eta PNVren abstentzioarekin. Honela, Uharteko Udaletik, Nafarroako herrietako eraikin erlijioso eta bertze ondasunen izaera publikoaren defentsarako bidalitako mozioarekin bat egin du Berako Udalak. Akordio honen arabera, Hipoteka Legearekin bat eginez, Berako udalaren izenean ondasun publiko gisara paratuko dira oraindik erregistratu gabe eta Elizak pribatizatu ditzakeen eraikin, ermita, hilerri, etxe eta bertze ondasun publikoak. Nafarroako ondare hauen etorkizunari buruzko kezka ere azaldu du Berako Udalak eta akordioaren berri igorri dio Nafarroako Gobernuari, Parlamentuari eta iritzi publikoari.
Beraien botua azaltzerakoan, Aralarko Jon Abrilek aipatu zuenez, idatziaren zenbait gauzekin ados zeuden, baina bertze zenbaitekin ez. Aralarren ustez, “Elizaren jarrera ez da onargarria, baina elizek publiko izan behar dute”. Aralarren arabera, ezkerreko ikuspegi batetik, mantenimendu lanak, langileak eta bertze gastuak ez lituzke udalak ordaindu behar eta dena Herriko Etxearen izenean jartzea gehiegizkoa litzateke. Kasuz kasu aztertu eta udalarenak zein eraikin diren ikusi beharko litzateke.
Eusko Alkartasunako Helena Santestebanek ere, Aralarren iritziarekin bat egin zuen. Bere erranetan, ondasun batzuk erlijio ordenenak dira eta hauek Patronatuak dira. Ondasunak aztertu beharko lirateke eta noizbait herriarenak izan diren ikusi, batzuk partikularrek emandakoak baitira.
ANVko Ramon Elgorriagak aipatu zuenez, “mozioak dioen bezala informazioa bilatu behar da erregistroan eta dohaintza egoki den ikusi. PNVko Xanti Altzugurenen ustez, Beran zer dagoen jakin eta zer erabilera ematen ahal zaion jakin beharko litzateke.
Josu Iratzoki alkatearen erranetan, azkenik, “prozedura hasi” bertzerik ez da egiten mozio honekin eta bozketara pasatuta, arestian aipatutako emaitza atera zen: ANVko lau botuak mozioaren alde eta EA, Aralar eta PNVren abstentzioa. Gisa honetara, gure eskualdean Uhartetik igorritako mozioa onartzen duen lehen herria da Bera, baina bertze hainbat herrietan ere eztabaidatuko da seguruenik.