Igor Portu eta Mattin Sarasola gazte lesakarren atxiloketaren lekuko izan zen herritar batek Espainiako Barne Ministerioak gertakari horren inguruan emandako azalpena gezurtatzen duen deklarazioa egin du Bergarako Lehen Instrukzio Epaitegian. Funtsean, atxiloketa ez zutela kontrol batean egin eta ez zela bortitza izan ziurtatu du. Herritar horrek epaitegian agertu duenez, igande goizeko hamarrak aldera Arrasateko ikastolaren parean banku baten eserita zegoen, zakurrarekin. Halako batean bi gazte menditik jaisten ikusi zituela adierazi du, eta une horretan Guardia Zibilaren bost ibilgailu azaldu zirela eta motxilak eskatu zizkitela bi gazteei, miatzeko. Modu berean, identifikatzeko eta txakurrari eusteko eskatu zioten guardia zibilek lekukoari. Ondotik, gazteen ibilgailua, Wolkswagen Kadi gris bat miatu zuten guardia zibilek herritarraren arabera, eta motxiletatik edo autotik izan zen ziurtatzerik ez duen arren, nonbaitetik zelofanean bildutako pakete bat atera zutela. Pakete hori ikustean guardia zibilen buruak bi gazteak eskuburdinak jarrita autoan sartzeko agindu zuela dio herritarrak. Berari nortasun agiria itzuli eta alde egiteko agindu ziotela erantsi du. Hala ere, atxiloketa gertatzen zen bitartean han zegoela eta ikusteko astia izan zuela ziurtatu du. Deklarazioa egitera zerk bultzatu duen ere zehaztu du herritar horrek deklarazioan: atxiloketaren inguruan komunikabideek zabaldu dutena gezurra dela jakiteak, bai orduari dagokionez, –10:00ak eta 10:30ak artean kokatu du–, bai Guardia Zibilak ustez jarritako kontrolari dagokionez, eta baita ustez atxilotuek jarritako erresistentziari dagokionez ere. Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak astelehen emandako azalpenen arabera, atxilotzerakoan bi gazteek aurre egin zieten guardia zibilei eta horren ondorio dira dituzten zauriak. Igor Portu Donostiako Ospitaleko zainketa intentsiboen unitatean dago, bertzeak bertze, saihets bat hautsita eta birika zulatuta. Mattin Sarasolak ere zauriak dituela jaso du Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzi medikuak.
«Inkomunikazioaren kontra, torturarik ez!» kontzentrazioa
Lesakako Udalak deituta, “Lege Antiterroristaren aurka, torturarik ez” kontzentrazioa egin zen asteazken arratsaldean Lesakako Plazan. 400 bat lagun bildu ziren, ixilpean, Igor Portu eta Mattin Sarasolak Guardia Zibilaren eskutik jaso duten tratua salatzeko. Lege Antiterroristaren aurka, torturarik ez zioen pankarta kontuz, Igor Porturen familiakoekin batera, bortz herrietako ANV, EA, Aralar eta Oningo kideak zeuden. Gibelean, Lesakako herritar aunitzekin batera, bortz herrietakoak eta eskualdetik kanpoko jende ugari bildu zen. Aste osoan bezala, Guardia Zibilaren patrolak harat-honatean ibili ziren plaza inguruan. Izan ere, atzo arratsaldean, bila dabiltzan bertze herriko gazte baten etxebizitza miatu zuten.
Igor Porturi deklarazioa hartuko dio epaileak ospitalean
Astelehen goizetik Donostiako Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitatean segitzen du Igor Portuk, baina badirudi lekuz eta bera zaintzen duen mediku taldea aldatu dutela. Inkomunikatuta segitzen du, eta gaur 17:00etan hartu dio deklarazioa Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, erietxean bertan. Amnistiaren Aldeko Mugimendutik eguerdiko 12etan burutuko den konzentrazioan parte hartzera deitu du. Ospitaleko sarreran izango da konzentrazioa. Bertan deklarazioak burutuko ditu Asier Birunbrales Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak. Porturekin batera atxilotu zuten Mattin Sarasola ere zaurituta dagoela jakin zen atzo, El Pais egunkariak Auzitegi Nazionaleko auzi medikuarekin osasun partea plazaratu ondoren. Hala ere, inkomunikatuta segitzen du Madrilen, Guardia Zibilaren egoitzaren batean. Astelehenetik daude inkomunikatuta, eta gehienez, bost egun eduki ditzakete epailearengana eraman gabe. Efe agentziaren arabera, bihar hartuko dio deklarazioa Grande Marlaskak Sarasolari.
Espainiako Barne Ministeriotik, salaketa gogorrak
Atzo salaketa gogorrak egin zituen Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne Ministroak atxilotutako gazte bien kontra: ETAko kide izateaz gain, atentatu zehatzak egotzi zizkien, bertzeak bertze, 2006ko abenduaren 29an Madrilgo Barajas aireportuan egindakoa. Sarasolak berak zehaztasun osoz aitortu zuela ziurtatu zuen Rubalcabak, baina ez noski, aitorpen hori nola lortu den, inkomunikaziopean eta abokaturik gabe. Zenbait komunikabidek diotenez, orain arte atentatu honen inguruan egindako ikerketa guziek Jurdan Martitegi ustezko ETAkidea jotzen zuten atentatu honen egiletzat eta orain, bapatean, Barne Ministerioak dioenez, Lesakako taldea da atentatu horren eta bertze zenbaiten erruduna. Europako Parlamenturaino ailegatu den tortura salaketari nolabait buelta emateko maniobra dela uste dute Amaia Izko bere abokatuak eta hainbat erakunde eta alderdiek.
Lesakako Euskara Batzordearen idatzia
Bea Migelena, Eduardo Conde, Joseba Lasarte, Modesto Maia eta Urko Ikardok, Lesakako Euskara Batzordearen izenean, honako idatzia prestatu du prentsarako:
IGOR PORTU ETA MATTIN SARASOLAREN EGOERA DELA-ETA
Igor Portu eta Mattin Sarasola makina bat lan eginak dira euskararen alde. Igor, gainera, Lesakako Euskara Batzordeko kide da. Hori dela-eta, hunkituta gaude, eta, atxiloketen eta ondorengo gertakarien harira, honako hau adierazi nahi dugu:
1. Igor, ospitalean zaude oraindik, zainketa berezien gelan. Gure besarkadarik beroena sentitu ezazu, bihotzez bidaltzen dizuguna. Bortizki jipoitu zaituzte, zure bizitza arriskuan jartzeraino. Azkarra zara baina, eta zauri larri horiek laster osatzea opa dizugu. Gorputzeko orbanak aste batzuen buruan sendatuko dira, gogo-arimakoak, berriz, zailagoak izanen dira desagerrarazten. Animo! Beti bezain gogotsu nahi zaitugu, irribarrea ahoan, lanerako prest eta gainezka duzun energia horrekin!
2. Mattin, hagitz kezkatuta gaude zure egoeragatik. Madrila ailegatu zinenean ubelduak eta markatuak zenituen gorputzeko hainbat tokitan, Auzitegi Nazionaleko mediku txostenaren arabera. Inkomunikazio aldia ortziralera arte luzatzeko eskaria ontzat eman zuen epaileak, eta ziega-zuloan jasotzen ariko zaren tratuari buruz beldur gara.
3. Gure elkartasuna eta besarkada bero bana helarazi nahi dizuegu Igor eta Mattinen guraso, senide, lagun eta ingurukoei. Une latz hauetan zuen ondoan gaituzue. Gure boza zuen eskakizun ozenari gehitu nahi diogu; inkomunikazio aldia bertan behera gelditu dadila, epailearen aitzinera lehenbailehen eraman zaitzatela, eta konfiantzako abokatu eta sendagilearekin egoteko aukera izan dezazuela berehala.
4. Espainiako agintariek emandako azalpenak ez ditugu sinisten. Ederki aski dakite zer gertatzen den euren ziega-zuloetan, eta benetako borondatea balute horrekin bukatzeko, tratu txarrak, tortura eta zigorgabetasuna baimentzen dituen tunel iluna, inkomunikazioa alegia, bertan behera utziko lukete. Aurrekari aunitz ditugu eta horietako batzuk hagitz hurbilekoak. Oraingo honetan, ordea, azalera ageri da bertzeetan “estalpean” gelditzen den krudelkeria, jakina eta begi bistakoa izanagatik; Igor bortizki jipoitu dute eta horrek eraman du ospitalera, bere bizia arriskuan zatekeen-eta berehala artatu ez balute.
Tratu txar eta torturekin amaitu beharra dago. Horregatik, Igor Porturen eta Mattin Sarasolaren eskubideak errespetatu daitezen galdegiten dugu eta torturaren eta inkomunikazioaren kontrako mobilizazio deiekin bat egiten.