Arantzako udalak zenbait konturen berri eman du abenduko udal informazioko boletinean. Honela, udal hautetsiek legealdi honetan izanen dituzten lansariak erabaki ziren azaroaren 5eko batzarrean. Herriko Etxetik aipatu nahi dute horretarako erabiliko den dirua Nafarroako Gobernutik espreski udalkideei ordaintzeko ematen duten dirua izanen dela eta ez dela Udaleko dirutik deus ere hartuko. Honela, zinegotzi bakoitzari joaten den pleno bakoitzeko 20 euro emanen zaizkio eta gainerako dirua alkateak kobratuko du. Ematen duten diru guzia aprobetxatuko da, bertzela ez baitute ematen. Arantza Aitzinera taldeko zinegotziek eta alkateak kobratuko duten diruaren zati bat edo dena donazio moduan Udalari emanen omen diote.
Bulatxikiko pista
Bulatxikiko pistako lanei dagokienez, udalak gastuak borondatez finantziatzeko aukera eman die herritarrei, baita ordainduta zutenei dirua itzultzeko eta ordaindua ez zutenek nahi bazuten ordaintzeko. Arantzako udaletik jakinarazi dutenez, hamar famili baino gehiagok ordaindu dute oraingo deialdi honetan eta bi familiei itzuli zaie kuota, beraiek hala eskatuta. Ordainketak egteko eta itzultzeko epea akaututzat eman du Udalak eta afera honi buelta gehiago ez emateko konpromezua hartu nahi du.
Ola eta Aranibar arteko pista
Ola eta Aranibar arteko pistari dagokionez, bide hau aitzineko legealdian herritarrekin kontsultatu gabe egin zela aipatu dute Udaletik eta orain arazoak omen daude ordaintzeko orduan. Obraren gastua 70.779 eurokoa izan da eta Nafarroako Gobernuak %60a subentzionatu du, 42.468 euro. Arantzako udalaren aportazioa %10ekoa izan da, 7.078 euro eta beraz, %30a falta da ordaintzeko, 21.234 euro. Zor hau kitatzeko bertze planteamendu bat luzatu du Arantzako Udalak eta bere ustez, Beheko Errotako nagusiak eta Javier Ostolazak, bakoitzak 3.708na euro ordaindu beharko luke, beraien jabetzaraino bidea ormigonatu baitzaie. Beraz, 13.817 euro gelditzen dira ordaintzeko eta Arantzako udalak gastua bere gain hartzea proposatu du, larrialdi edo ezuste kasu batean herritik ateratzeko edo herrian sartzeko herritar guziek erabiliko duten bidea baita. Zorra, aitzineko udalaren “gestio txarraren ondorio dela” ere aipatzen du Arantzako Udalak.
Udal eraikinen garbiketa eta su egur loteak
Bertze aldetik, herriko udal eraikinen garbiketa lanetarako lanpostua Isabel Lukanbiori eman zaio. Abenduan hasi eta urte batez lanean ariko da eta bere eginbeharra eskola, Herriko Etxea, Pelettikiko haurtzaindegia eta Medikuaren etxea garbitzea izanen da. Azkenik, egur loterak eskatzekoa epea urtarrilaren 31 arte zabalik dagoela oroitarazi dute Arantzako Udaletik. Loteek orain arte bezala 30 euro balioko dute. Eskaerak Herriko Etxean egin behar dira eta eskatutakoaren arabera, loteak markatu eta eskatu dutenei adieraziko zaie non emanen zaien su egurra.