Igor Portu lesakarrak Donostiako ospitaleko zaintza intentsiboko unitatean segitzen du larri eta Mattin Sarasolari ortzirala arte luzatu dio inkomunikazioa Grande Marlaska epaileak. Aipatzekoa da Auzitegi Nazionaleko mediku txostenaren berri eman duela El Pais egunkariko gaurko aleak, eta, horren arabera, Mattin Sarasolak ere kolpeak eta ubelduak ditu gorputzeko hainbat puntutan.
Polizia iturrien arabera, Guardia Zibilak zulo bat topatu omen du Lesakako Otsango auzoan, lurpean, 26 kilo lehergailurekin eta herriko bertze bi gazteren bila dabil. Astearte iluntzean bertze bi etxe miatu zituen Guardia Zibilak Lesakan, arratseko zortziak eta laurden aldera. Berriz ere Guardia Zibilak herria hartu zuen eta honenbertzez, zortzietarako deitua zegoen kontzentrazioa ez zen egin. Bi etxe horiek ustez ihes egin duten bi lagunenak dira. ETAko kide izatea leporatzen diete guztiei.
Bortzirietako alkateak Portu ikusten saiatu dira ospitalean
Bortzirietako bortz alkateak eta hainbat hautetsik elkarretaratzea egin dute eguerdiko 12.00etan Donostiako Ospitalaren aitzinean eta, ondotik, senideekin batera, lesakar gaztea ikusten saiatu dira. Inkomunikazio egoeran dago baina, eta bera zaintzen ari diren poliziek sarrera galarazi diete. Mobilizazioaren ondotik, Bortzirietako udaletako ordezkariek inkomunikazioak tortura ahalbidetzen duela salatu dute, eta beraien udaletxeetan torturaren aurka hainbat aurrerapauso egin dituztela gogoratu eta gero, Euskal Herriko instituzio eta erakundeei beraiek hasitako bide beretik segi dezatela galdegin diete. Bertzalde, LAB sindikatua mobilizazioak egiten ari da Portu erietxean dagoenetik, eta gauza bera egiten segituko du, egunero, gazte lesakarra bertatik irteten den arte. ELAk, bere aldetik, elkarretaratzea eginen du bihar, 12.00etan, Bilboko Moyua plazan, inkomunikazioaren eta torturaren aurka.
Lesakako Udalak deitutako kontzentrazioa 20:00etan
Bitartean, gaur, “Lege antiterroristaren kontra, torturarik ez” kontzentrazioa deitu du Lesakako Udalak, arratsaldeko 8etan Lesakako plazan.