Aitor AROTZENA Eguraldi zoragarria lagun zutela, 97 azienda buru aurkeztu zituzten plazara feria egunean. 16 behi eraman zituzten. Suizetan, Berako Begitzenekobordara joan zen 190 euroko lehen saria eta behi onenari emandako txapela. 160 eta 100 euroko bigarren eta hirugarren sariak Makukobordako Luis Olaetxeak eraman zituen. Haragitako behietan ere lehen saria Makukokordara joan zen eta bigarren eta hirugarren sariak Iriburutako Jon Muñoak eskuratu zituen. Azken urteetan ohikoa denez, zaldi azienda izan zen gehien ikusi zena plazan, 69 buru. Horien artean lehen saria, 125 euro eta txapela, Arantxeneko Joseba Almandozek eraman zuen; bigarren saria Berako Maitagarriko Juan Luis Etxegaraik eta hirugarrena Agorlekuko Bautista Urrozek. Hamabi ahareen artean, 35 euroko lehen saria Etxalarko Josetxo Ariztegirenak eskuratu zuen. Bigarrena eta hirugarren sariak Arantzara joan ziren, Etxerrekoborda eta Iruileara.