Bai Euskarari Akordioa gauzatzeko Jarraipen Batzordea lanean ari da

TTIPI TTAPA 2008ko urt. 9a, 09:33
Kontseiluko Zigor Etxeburua, Bai Euskarari Akordioaren jarraipen batzordeko kide batzuekin batera, Etxalarren azaroaren 18an egindako bileran. TTIPI TTAPA

Abenduaren 16an gizarte eragileei aurkezpena eginen zaie Lesakan

Bi hilabete badira Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen eta Kontseiluaren arteko elkarlan hitzarmena sinatu zela. Joan den urriaren 15ean egin zen mankomunitatearen batzar orokorrean Bai Euskarari Akordioaren aurkezpena eta heldu den abenduaren 16an gizarte eragileei zuzenean eginen zaie aurkezpena, Lesakako Kasinoan eginen den ekitaldi handiago batean. Ordura arte sentsibilizazio eta karrikaratze garaian daude. Zaine Rodrigez, Jarraipen Batzordeko kideak aipatu digunez euskararen normalkuntzan gizarte eragileei konpromiso zehatzak eskatzea eta horiek paper gainera eramatea da orain duten helburua: «Euskararen normalizazio prozesuan urrats erabakiorrak eta sendoak emateko beharrak bultzatuta abiatu dugu Kontseiluarekiko elkarlana. Orain arte Bortzirietan egin den lana hor dago, baina ez da nahikoa, euskara egun bizi duen erasoa bortitza delako, dirulaguntzak murriztea, euskarazko hedabideei lizentziak ukatzea edo udaletara idazkari eta kontuhartzaile eradaldunak bidaltzea». Horren aitzinean, euskaraz bizitzea ahalbideratuko duten konpromiso zehatzak hartzeko garaia heldu dela uste du: «lehenbiziko solasa euskaraz egiteko konpromisoa, fakturak, nominak, bilerak edo aktak euskaraz egitea…».

Bai Euskarari akordio hau aitzinera eramateko eta arestian aipatutako konpromisoak hartzeko Jarraipen Batzordea osatu dute Kontseiluak, Euskara Mankomunitateak, euskalgintzak eta hainbat gizarte eragilek. Prozesuari gainbegiratua eman eta lan guziaren segimendua eginen dutela aipatu digu Zigor Etxeburua Kontseiluko kideak. «Eskualde guziko ordezkaritza izanen da bertan eta Kontseiluaren aholkua eta laguntza izanen dute».

Gizarte eragileen aurkezpena abenduaren 16an Lesakan

Bai Euskarari Akordioa gizarte guziari zabaldu eta sektore guzietara eramateko ekitaldi bat prestatu dute Lesakako Kasinoan abenduaren 16rako. «Gizarte eragileei, elkarteei, enpresei, ikastetxeei eta prozesu honetan protagonista izanen direnei zer nahi dugun aurkeztuko diegu. Hau guzia zer den erakutsiko diegu, zer den Bai Euskarari Akordioa, zer konpromiso klase proposatzen dugun eta azken finean publiko egin eta ezagutarazi egiten hasi garena».

Ondotik, urtarrila eta otsailean atez ateko lana eginen dute Mankomunitateak kontratatuko dituen bi pertsonak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun