Bai Euskarari Akordioa aurkeztu zaie Bortzirietako gizarte eragileei

TTIPI TTAPA 2008ko urt. 8a, 15:07
Bortzirietako hainbat gizarte eragile izan ziren Lesakako aurkezpenean. TTIPI TTAPA

Abenduaren 16an egin zen ekitaldia Lesakako Kasinoan

Bortzirietako Bai Euskarari Akordioaren Jarraipen Batzordeak gonbidatuta, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea eta Kontseilua tarteko, hainbat gizarte eragile bildu dira Lesakan, abenduaren 16an egindako ekitaldian. Ekitaldi honen helburu nagusia Bai Euskarari Ziurtagiria zer den azaldu eta eragileak konpromisoak hartzera animatzea izan da. Izatez, dinamika honen helburua erakunde, enpresa eta elkarteetan eragitea da, beren hizkuntz normalizazioa erdiesteko. Azken urteetan eskualdeko euskara mankomunitateak egin dituen hainbat lan ildo indartzera dator Bai Euskarari Akordioa.
Ekitaldian honako hauek mintzatu dira: Xabier Mendiguren, Kontseiluko Idazkari Nagusia, Zigor Etxeburua, Kontseiluko teknikaria (Bai Euskarari Akordioaren xehetasunak azalduz), Iñaki Pikabea, Etxalarko Herriko Ostatuan izan duten esperientziaren berri emanez (Zigorrek maila teorikoagoan azaldutakoari adibide praktikoa erantsiz), Iker Igoa, Mankomunitateko ordezkaria Jarraipen Batzordean, Patri Arburua, Bortzirietako euskalgintzaren izenean, eta aurkezpen lanetan Alaitz Zabaleta, Mankomunitateako euskara teknikaria

Irailaren 29an Kontseilua eta Euskara Mankomunitatearen arteko hitzarmena sinatu zenetik, hainbat ekimen egin dira, ziurtagiriaren berri eman eta honen inguruko informazioa hedatzeko asmoz. Hemendik aitzinera, konpromisoak hartzeko fasea irekiko da. Bi teknikari, Iñaki Iratzoki eta Eneko Fernandez, hurrengo hilabeteetan eragileekin banaka bildu eta hauek konpromisoak har ditzaten saiatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun