Aurten izan den egitaraua ikusi bertzerik ez dago orri honetan osorik jorratzeko lekurik ez daukagula jakiteko. Abenduaren 4ko arratsaldean hasi ziren haurrentzako antzerkiarekin eta poliki-poliki indarra hartzen joan ziren 8an egindako ekitaldi nagusira ailegatu arte.
Jendeak orohar hagitz ongi erantzun zuen, ekitaldi bakoitzari zegokion neurrian, beti ere. Larunbateko antzerkiak, country musika kontzertuak eta Hamabirgin eguneko bestak bildu zuten jende gehien. Lehenbizikoak eta bigarrenak ia 100na lagun bildu zuten Baratzondoko aretoan. Aipamen berezia merezi du, ordea, abenduaren 8ko bestak. Biltoki Elkarteak azken urteotan hartu duen gogo edo grinarekin jarraituz gero, ziurtatua dago besta honen segida. Aurten ere ongi baino hobekiago landu dute aukeratutako gaia “Artzaintza igantziarrentzat”. Gai zaila zirudien aukeratu zutenean, baina gogoa denean ez dagoela aldaparik erakutsi ziguten Biltokikoek. Goiz-goizetik etenik gabeko ikuskizun ederra, dantza taldea eta erakusketarekin hasita. Aipamen berezia merezi duen gazta lehiaketa etorri zen ondotik, seriotasunez eta ongi antolatua. Erretorbaitan, berriz, egun guziko diapositiba emanaldia, etxe gehienetako artaldeen markak eta Ameriketan izandako artzaiak gai hartuta. Arratsaldez, jende aunitz bildu zen Biltoki Elkartean egindako talo, gazta, txokolte eta sagardo dastaketara. Gazta irabazleen enkantearekin eman zitzaion akabila egunari.