Ohiko eta ez ohiko kultur ekitaldiekin akautuko da urtea

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 8a

Olentzero eta jaiotza lehiaketak ortziral eguerdian eginen dira. TTIPI TTAPA

Igandean, «Erregea, soldadoa eta bufoia» antzezlana ikusgai

Abenduko kultur egitarau zabalarekin akautuko da urtea. Hilabete hasieran, abenduaren 3an, kontzertua eskaini zuen Leitzako abesbatzak. Abenduaren 11n, Pirritx eta Porrotxen «Patata patata» saio berria ikusteko modua izan zen frontoian, Otxogorrienea Guraso Elkarteak antolatuta. Abenduaren 12an, igandearekin, Giltzarri Abesbatzak antolatuta, Maureen Rubichonek zuzentzen duen Baionako Goswing abesbatzaren kontzertua izan zen elizan. Egun berean, Arrano Elkarteak antolatuta, antzerki emanaldia izan zen Arranon. Antzerkiola taldearen «Kaputen kanta» antzezlana izan zen ikusgai.

Aitzinera begira, abenduaren 24an, nola ez, ohiko olentzero eta jaiotza txapelketa eginen da Plaza Zaharrean eguerdiko 12etan. Abenduaren 26an, igandearekin, «Erregea, soldadoa eta bufoia» antzezlana eskainiko du Mairu antzerki taldeak, arratsaldeko 7etan Kasinoan.

Urtezahar egunean, azkenik, Lesakako Abesbatzaren eskutik, Dios te salve kantatzeko eta aditzeko modua izanen da karrikaz karrika, arratsaldeko 6:30etatik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun