Dagoeneko eguberriak iritsi dira eta honekin batera, hainbat ekitaldi antolatzen dira herri guztietan. Duela egun batzuk nabaritzen hasi ginen gabonak heldu direla, bertzeak bertze, Berako Abesbatzaren Eguberritako Jaialdia eta Musika Eskolako Eguberritako Kontzertua izan zirelako. Egun hauetan ere, Olentzerorako entsaioak egiten ari dira eta horrela, Olentzeroren bixita izanen dugu abenduaren 24an.
Ikastetxetako haurrak baserritar arropak jantzi eta auzoz auzo ibiliko dira gabonetako kantuak abesten. Ondoren, 17:00etan Herriko Etxeko Plazan elkartuko dira (eguraldi txarra eginez gero Eztegara pilotalekuan) denak batera kantatzeko. Ilunabarrean gazte eta helduak ere karrikatan izanen dira gabon kantak abesten. Abenduaren 31n, urte zahar egunean, “glin-glan” kantatuko dute haurrek arratsaldean eta ilunabarrean Diostesalbea aditzeko aukera izanen dugu urtero bezala. Urtarrilaren 5ean, Errege kabalgata iritsiko da.