Igande eguerdian, Mattin Sarasola eta Igor Portu lesakarrak Guardia Zibilak atxilotu eta inkomunikatu zituen lege antiterroristapean. Igande gauez hiru etxe miatu zituzten Lesakan eta tentsio une batzuk ere bizitu ziren herrian. Astelehen goizaldean berriz, Igor Portu Donostiako ospitaleko zaintza larrietarako zerbitzura eraman zuten. Txosten medikuak dioenez bere osasun egoera larria da. Igorrek berak medikuei adierazi bezala jasandako kolpeengatik. Mattinen berririk ez da.
Astelehen arratsaldean, ez ohiko batzarra egin zuen Lesakako Udalak egoera aztertzeko eta PNV, Onin eta EAko zinegotzi guziek ahobatez mozioa onartu zuten. Lehenik, sumario sekretupean dagoela eta hori dela eta, ez zaiela inolako informazio ofizialik eman salatu zuten hautetsiek. “Esku artean dugun informazio guztia hedabideek emanikoa da. Salagarria da komunikabide nagusien jarrera epaiketa mediatiko bat egiten ari baitira, errugabetasun printzipioa urratuz”. Lesakako Udalaren ustez, datu guzti hauek garbi adierazten dute torturaren erabilera atxiloketa hauetan. “Indefentsio egoera batean, hau da berme juridikorik gabekoa, aurkitzen dira bi herrikide hauek, inkomunikazioak ahalbideratzen duen egoeran hain zuzen”. Ahobatez onartutako mozioak dioenez, “Bada garaia, aski da! errateko. Justizian oinarritzen den jendarte batek ezin du onartu torturaren erabilera eta honen desagerpenerako neurri sendoak hartu behar ditu”. Honen aitzinean Lesakako Udalbatzak, une zail hauetan, bere elkartasuna agertu die Igor Portu eta Mattin Sarasola gazte lesakarrei eta euren senitarteko eta lagunei. Atxilotutakoen errugabetasun presuntzioa bermatua izan dadila eskatzeaz gain, euren etxebizitzen miaketak lekukorik gabe egin izana, miaketa horietan familiek jasandako tratu eskasa, eta inolako informaziorik eman ez izana salatu du Lesakako Udalak.
«Igor Portuk Guardia Zibilaren esku jasotako tratua gogor salatzen dugu»
PNV, Onin eta EAko zinegotziek, gogor eta argi salatu dute Igor Portu Juanenak Guardia Zibilaren eskutik jasandako tratua, horien ondorioz Donostiako Ospitaleko UCI-ra eraman behar izan dutelarik. “Hala, agerikoa da Estatuko Indar Polizialek atxilotuen eskubideak errespetatu ez dituztela, eta inkomunikazioaren funtsa bakarra urraketa hauei bide ematea eta zigorrik gabe burutzeko espazioak sortzea dela. Beraz, berriz ere inkomunikazioaren deuseztea eskatu dute. Gertatutako kontutan hartuz, Mattin Sarasola bertze gazte lesakarraren osasun egoerari buruz bere kezka ere adierazi du udal batzarrak, eta lehen bait lehen bere senitartekoei informazioa ematea esijitu du. Atxiloturik dituzten bitartean inkomunikazioa altxatu eta giza eskubideak errespetatuak izan daitezela eskatu du Lesakako Udalak, baita Amnistia Internazionalek onartutako protokoloa aplikatu, eta polizia aitzineko deklarazioak konfiantzazko abokatu batekin egin ahal izatea eta grabatuak izatea. Torturak eta tratu txarrak saihesteko neurri guztiak bermatu daitezela exijitu du. Atxilotuen senitarteko eta lagunekin harremanetan jartzea atxiloketaren ondorioei aurre egiteko udalak egin dezakeen guztia egin dezan.
“Lege Antiterroristaren aurka, torturarik ez” kontzentrazioa asteazkenean
Azkenik, Lesakako Udalak konzentrazio batera deitu du bortz herrietako udalei zein herritarrei gonbidatuz, Asteazkenean, urtarrilak 9, arratsaldeko 8etan ondoko lemapean eginen da: “Lege antiterroristaren aurka, torturarik ez”. Batzarraren ondotik, manifestazioa jendetsua egin zen herriko karriketan barna. Gaur ere, atxiloketen eta torturaren kontrako mobilizazioak deituak daude arratsalderako Lesakan eta Euskal Herriko bertze hainbat derritan.
Nafarroako Arartekoak ez ditu senideak hartu
Mattin Sarasolaren eta Igor Porturen senideak Nafarroako Arartekoaren egoitzara joan dira eguerdian, baina Francisco Javier Enerizek ez ditu hartu eta, ondorioz, idatziz egin diote eskaera: bi gazteak lehenbailehen eraman ditzatela epailearen aurrera. Izan ere, bi lesakarrei habeas corpusa ukatu egin dietela jakin dute, eta horrek senideen kezka areagotu du. Eskaera hori bera egin diote Madrilgo Arartekoari. Igor Porturen aitak esan du ofizialki ez daukatela semearen egoeraren berririk, nahiz eta badakiten Donostia Ospitalean dagoela, larri. Mattin Sarasolaren anaiak, berriz, familiaren kezkaren berri eman du, eta kezka hori handitu egin dela esan du, Igor Porturi gertatutakoa jakin ondotik: "Igandeaz geroztik ez dakigu non dagoen eta nola dagoen; dakigun bakarra da zer egiten ahal duten beraiek nahi duten informazioa ateratzeko", erran du. Arartekoaren egoitzan egon ondoren, atarian Polizia espainola agertu da eta bi lesakarren senideak eta amnistiaren aldeko mugimenduko kide bat identifikarazi dituzte, baita han geratzenziren kazetariak ere. Askatasunak gogor salatu du "tortura salatzera joan eta Poliziaren jazarpena jasan beharra".