Igor Portu lesakarra Donostiako ospitaleko UVIan ingresatu dute

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 7a

Igor ospitalean dagoela badakitela, baina Mattin non dagoen ez salatu dute lesakarrek prentsaurrean. TTIPI TTAPA

Mattin Sarasola herritarrarekin batera atxilotu zuen igandean Guardia Zibilak

Igor Portu lesakarra Donostiako ospitaleko UVIra eraman dute astelehen goizean, bi saihets hautsita eta biriketako arazoak dituela. Mediku iturriek aipatutakoaren arabera, “hautsitako saihets batek birika zulatu eta haizea galdu du”. Horretaz gain, begi batean odoljarioa eta hainbat kolpe agerian dituela aipatu dute Donostiako Ospitaletik. Horregatik, pronostikoa “oso larria” dela “baina sasoiko gaztea dela kontuan hartuz, bizitza ez duela arriskuan” dio medikuen parteak. Hain zuzen, lehenbizi Donostiako epaitegiko mediku forentseak azterketa mediku forentse bat egin duela jakinarazi du Askatasunak eta txosten honetan oinarritu dira Igor Portu ospitalera eramateko. Ospitalean bertze informe mediku bat osatu dute, Igorren egoera argitzen duena. Lehenbiziko txostena, Donostiako epaitegiko mediku forentseak egin duena, alegia, jaso eta bertan erraten dena oinarri hartuta automatikoki ikerketa judizial bat hasi du Donostiako Guardia epaitegiak.
Igor Portu Juanena, Mattin Sarasola Iarzabal herritarrarekin batera atxilotu zuen igande eguerdian Guardiazibilak Arrasaten. Polizia iturriak aipatuz, hainbat agentziek jakinarazi dutenez, kontrol batean antzeman zituzten eta bi pistola zituzten.

Atxilotu orduko, inkomunikaziopean jarri zituzten Igor Portu eta Mattin Sarasola. Bitartean, Lesakan, bien lagunak eta senideak beraien etxebizitzen inguruan biltzen hasi ziren eta batzar batean, jasotzen ahal zuten tratuari buruzko kezka nabarmendu zen. Hasiera batean Madrilera eramanen zituztela zabaldu bazen ere, gero Lesakara beraien etxebizitzak miatzera etorriko zirela jakin zen. Arratsalde osoan esperoan egon ondotik, gaueko 10ak aldera Guardia Zibilak Lesaka osoa hartu zuen. Lehenik, Mattinen gurasoen etxebizitza miatu zuten, beraiekin bizi baita. Ondotik, Igor Porturen pisua eta beraien gurasoena miatu zituen Guardia Zibilak. Goizaldeko bi terdiak arte iraun zuten miaketetan gurasoek eta lagunek ezin izan zuten Mattin eta Igorrekin solastu, inkomunikaziopean baitzeuden. Dena den, miatze aginduan ageri zenez, bi lesakarrei talde armatuko kide izatea eta armak edukitzea leporatzen diete.

«Igor ospitalean dagoela badakigu, Mattin ez dakigu non den»

Eguerdian, Lesakako bizilagun talde batek, atxilotuen senide eta lagunak tartean, prentsaurrekoa eskaini du, atxiloketak salatu eta jasotzen ari diren tratuari buruzko kezka azaltzeko. “Atzo atxilotu zituztenetik ez dakigu non dauden Igor eta Mattin. Orain, badakigu Igor Ospitalean dagoela, baina ez Mattin non dagoen”. Dakiten guzia iturri ofizialetatik kanpo ikasi behar izan dutela ere salatu dute. Atxiloketak gertatutakoan zituzten susmo eta beldurrak bete direla aipatu dute prentsaurrekoan: “Gorka Lupiañezen testigantza beldurgarria aditu genuen eta orain ere hori bete da. Amnistia Internacional erakundearen arabera, Euskal Herrian 7.000 tortura kasu baino gehiago gertatu dira azkeneko urteetan eta horregatik, Mattin eta Igor lehenbailehen epailearen aurrera eramatea eskatzen dugu”. Astelehen arratsaldeko 7etan ezohiko udal batzarra eginen da Lesakan eta ondotik mobilizazioa izanen da. Inkomunikazioak dirauen bitartean mobilizazioak izanen direla ere aipatu dute. Gaurko prentsaurrekoaren ondotik, bortz minutuko agerraldia egin dute lesakarrek. Askatasunatik ere kezka agertu nahi izan dute atxilotu zutenetik Igorrek jasandako tratuaz, eta une hauetan Mattin jasaten ari daitekeenaz. “Guardia Zibilak orain dela hilabete atxilotu zuen Gorka Lupiañezen tortura testigantza bortitzak oso presente ditugu. Gorka gogor torturatua eta bortxatua izan zen”. Askatasunaren arabera, “PSOE-k aurrera daraman plangintza errepresiboaren baitan kokatzen da euskal herritarrak atxilotu eta torturatzea. PSOE-k tortura erabiltzen du bere interes politikoak lortzeko tresna bezala. Baina ezin dugu ahaztu eusko jaurlaritzak eta bereziki PNV-k dute konplizitatea guzi honetan. Gorka Lupiañezen testigantzaren aurrean erakutsi zuten isiltasuna da honen adibide argia”. Errepresioaren aurrean antolatu eta erantzuteko garaia dela uste du Askatasunak:“Torturarekin amaitzeko presio soziala indartzeko garaia da”. Askatasunak gaur arratsaldeko 18:30etan deklarazioak eskainiko ditu Donostiako ospitalaren aurrean.

Oinarrizko Gizarte Mankomunitatearen prentsa-oharra

Igor Portu Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko teknikaria da eta erakunde honek ere, atxiloketei buruzko bere iritziaren berri eman du prentsa ohar baten bidez. Honela, Mankomunitateak eta bertan lan egiten duten langileek elkartasuna adierazi nahi diote Igor Portu eta Mattin Sarasolaren familiei, baita Lesakako herriari ere eta “errugabetasun presuntzioa ozenki” eskatu dute. Beraien beldurrak egi bihurtu direla ere dio Mankomunitatearen oharrak: “Igor Portu torturatua izan da eta momentu honetan Donostiako Ospitale bateko Zaintza Bereziko Unitatean dago. Non gelditzen dira hainbertze aipatzen diren giza eskubideak? Torturak desagertu behar du. Mattin Sarasolarekin gertatzen ari denaren beldur gara”. Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileei ahal den neurrian lanean segituko dutela jakinarazi dute Mankomunitatetik, nahiz eta “atxiloketa honen ondorioz, Harrera eta Orientabide Sozialerako Zerbitzua ukitua gelditu da”. Mankomunitatea aste pare batez zerbitzu hau berriro martxan jartzen saiatuko da. Bitartean, urtarrilaren 8an, arratsaldeko 6etan Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Junta Etxalarren duen egoitzan bilduko da gai honen inguruan hartu beharreko erabakiak hartzeko.

Lesakako alkatearen haserrea eta kezka

Lesakako udalak informazioa lortzeko bere esku dauden gestio guziak eginen dituela jakinarazi du Koldo Erkizia alkateak, orain arte izandako informazio guzia zenbait komunikabideren bitartez bakarrik lortu dutela salatuz. Bi herritarren atxiloketen aitzinean, “beraien eskubide guziak bermatuak izan daitezen Herriko Etxearen betebeharra” dela azpimarratu du Erkiziak. Mediku partean Igor Portu ospitaleko UCIan larri dagoela jakinik, alkate bezala bere haserrea eta beraien osasun egoerari buruzko kezka azaldu du. Horregatik, atxilotuen familiei eta Udalari non dauden eta beraien osasun egoeraren berri ematea eskatu die alkateak agintariei. Inkomunikazio egoera ere salatu du Koldo Erkiziak, dituzten eskubideak urratzea posible egiten baitu. Aralarrek gogor gaitzetsi nahi izan du gaur goizaldean Igor Portu Lesakako gaztea arreta intentsiboen gunean ingresatu behar izana, “jasandako tortura bortitzen ondorioz”. “Arrasaten atzo atxilotuaren kasuak, beste behin erakusten du estatuko polizia indarrek torturatzen jarraitzen dutela” eta onartezina da Aralarrentzat “komisaldegietan tortura praktikatzen jarraitzea, arduradun politikoen oniritziarekin”. Horregatik, gertatutakoa argitzeko urgentziaz ikerketa zabaldu dadila eskatu du. Estatuko polizia indarrek ez dituzte atxilotutakoen giza eskubideak errespetatzen, eta ondorioz, arduradun politikoen bizkar dago ardura, gisa honetako gertaerak saihesteko ez dutelako ezer egiten. Aralarrek gogora ekarri nahi du Amnistia Internacional bezalako erakundeek tortura saihesteko protokoloak indarrean jartzeko eskatu izan dutela, baina Espainiako Gobernuak ez du ezer egin horren inguruan. Era berean, Aralarrek Nafarroako Parlamentuan eta Gasteizko Legebiltzarrean polizia-etxe guztietan atxilotuak etengabe grabatzea eskatu zuen. Ezinbestekoa da, hortaz, Aralarren iritziz, inkomunikazioarekin behin betirako amaitzea, eta atxilotutakoek konfiantzazko abokatuarekin harreman zuzena eduki ahal izatea. Atzo Arrasaten atxilotutako bi gazte lesakarrentzat Habeas Corpusa ere eskatu du Aralarrek.

Maiorga Ramirez, Eusko Alkartasunako Nafarroako presidenteak, bere aldetik, gertaera larri hau “argitzea” eskatu du. EAren ustez, “begibistakoa da atxilotuek dituzten eskubideak eta bermeak ez direla errespetatu. Hori salatzen dugu eta ikerketa eskatzen dugu”. Egoerak “berehalako erantzun politikoa” behar duela uste du Ramirezek eta gaiaz aritzeko, Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren eta Bozeramaleen Batzordearen premiazko bilerak egitea eskatu du. Nafarroako EAko presidentearen ustez, “Estatuak inkomunikazio egoera mantentzeko justifikazio bakarra, atxilotutako pertsonen eskubideak urratzeko aukera ematen duten inpunitate eremuak sortzea da”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun