Igor Portu lesakarra Donostiako ospitaleko UVIra eraman dute astelehen goizean, bi saihets hautsita eta biriketako arazoak dituela. Mediku iturriek aipatutakoaren arabera, “hautsitako saihets batek birika zulatu eta haizea galdu du”. Horretaz gain, begi batean odoljarioa eta hainbat kolpe agerian dituela aipatu dute Donostiako Ospitaletik. Horregatik, pronostikoa “oso larria” dela “baina sasoiko gaztea dela kontuan hartuz, bizitza ez duela arriskuan” dio medikuen parteak. Igor Portu Juanena, Mattin Sarasola Iarzabal herritarrarekin batera atxilotu zuen igande eguerdian Guardiazibilak Arrasaten. Polizia iturriak aipatuz, hainbat agentziek jakinarazi dutenez, kontrol batean antzeman zituzten eta bi pistola zituzten.
Atxilotu orduko, inkomunikaziopean jarri zituzten Igor Portu eta Mattin Sarasola. Bitartean, Lesakan, bien lagunak eta senideak beraien etxebizitzen inguruan biltzen hasi ziren eta batzar batean, jasotzen ahal zuten tratuari buruzko kezka nabarmendu zen. Hasiera batean Madrilera eramanen zituztela zabaldu bazen ere, gero Lesakara beraien etxebizitzak miatzera etorriko zirela jakin zen. Arratsalde osoan esperoan egon ondotik, gaueko 10ak aldera Guardia Zibilak Lesaka osoa hartu zuen. Lehenik, Mattinen gurasoen etxebizitza miatu zuten, beraiekin bizi baita. Ondotik, Igor Porturen pisua eta beraien gurasoena miatu zituen Guardia Zibilak. Goizaldeko bi terdiak arte iraun zuten miaketetan gurasoek eta lagunek ezin izan zuten Mattin eta Igorrekin solastu, inkomunikaziopean baitzeuden. Dena den, miatze aginduan ageri zenez, bi lesakarrei talde armatuko kide izatea eta armak edukitzea leporatzen diete.
Prentsaurrekoak
Eguerdian, Lesakako bizilagun talde batek prentsaurrekoa eskainiko du, atxiloketak salatu eta jasotzen ari diren tratuari buruzko kezka azaltzeko.
Oinarrizko Gizarte Mankomunitatearen prentsa-oharra
Igor Portu Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko teknikaria da eta erakunde honek ere, atxiloketei buruzko bere iritziaren berri eman du prentsa ohar baten bidez. Honela, Mankomunitateak eta bertan lan egiten duten langileek elkartasuna adierazi nahi diote Igor Portu eta Mattin Sarasolaren familiei, baita Lesakako herriari ere eta “errugabetasun presuntzioa ozenki” eskatu dute. Beraien beldurrak egi bihurtu direla ere dio Mankomunitatearen oharrak: “Igor Portu torturatua izan da eta momentu honetan Donostiako Ospitale bateko Zaintza Bereziko Unitatean dago. Non gelditzen dira hainbertze aipatzen diren giza eskubideak? Torturak desagertu behar du. Mattin Sarasolarekin gertatzen ari denaren beldur gara”. Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileei ahal den neurrian lanean segituko dutela jakinarazi dute Mankomunitatetik, nahiz eta “atxiloketa honen ondorioz, Harrera eta Orientabide Sozialerako Zerbitzua ukitua gelditu da”. Mankomunitatea aste pare batez zerbitzu hau berriro martxan jartzen saiatuko da. Bitartean, urtarrilaren 8an, arratsaldeko 6etan Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Junta Etxalarren duen egoitzan bilduko da gai honen inguruan hartu beharreko erabakiak hartzeko.