Igor Portu lesakarra Donostiako ospitaleko UVIra eraman dute astelehen goizean, bi saihets hautsita eta biriketako arazoak dituela. Igor Portu Juanena, Mattin Sarasola Iarzabal herritarrarekin batera atxilotu zuen igande eguerdian Guardiazibilak Arrasaten. Polizia iturriak aipatuz, hainbat agentziek jakinarazi dutenez, kontrol batean antzeman zituzten eta bi pistola zituzten.
Atxilotu orduko, inkomunikaziopean jarri zituzten Igor Portu eta Mattin Sarasola. Bitartean, Lesakan, bien lagunak eta senideak beraien etxebizitzen inguruan biltzen hasi ziren eta batzar batean, jasotzen ahal zuten tratuari buruzko kezka nabarmendu zen. Hasiera batean Madrilera eramanen zituztela zabaldu bazen ere, gero Lesakara beraien etxebizitzak miatzera etorriko zirela jakin zen. Arratsalde osoan esperoan egon ondotik, gaueko 10ak aldera Guardia Zibilak Lesaka osoa hartu zuen. Lehenik, Mattinen gurasoen etxebizitza miatu zuten, beraiekin bizi baita. Ondotik, Igor Porturen pisua eta beraien gurasoena miatu zituen Guardia Zibilak. Goizaldeko bi terdiak arte iraun zuten miaketetan gurasoek eta lagunek ezin izan zuten Mattin eta Igorrekin solastu, inkomunikaziopean baitzeuden. Dena den, miatze aginduan ageri zenez, bi lesakarrei talde armatuko kide izatea eta armak edukitzea leporatzen diete.
Prentsaurrekoak
Eguerdian, Lesakako bizilagun talde batek prentsaurrekoa eskainiko du, atxiloketak salatu eta jasotzen ari diren tratuari buruzko kezka azaltzeko. Igor Portu Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko teknikaria da eta erakunde honek ere, atxiloketei buruzko bere iritziaren berri emanen omen du astelehen eguerdian.
Prentsaurrekoak