Santa Barbarara Igoera antolatu da Beran urtarrilaren 12rako

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 3a

Xabier Zubieta, Loro Pikabea eta Xabier Saralegi omenduko dira

Duela urtebete Gavarnie zirkuko Taillon mendia eskalatzen ari zirela hildako Xabier Zubieta, Luis Mari “Loro” Pikabea eta Xabier Saralegi gogoan, ekitaldi hunkigarria antolatu dute urtarrilaren 12rako Manttale Mendi Lasterketa taldeak, Agerra Mendi taldeak eta Gure Txokoak, Berako Udalaren laguntzaz. Hain zuzen ere, egun horretan eginen den Mendiko Egunaren barrenean, Santa Barbarara lehenbiziko igoera eginen da. Kiroldegitik abiatuta Santa Barbara igoko dira mendizaleak eta parte hartzeko aukera ezberdinak izanen dira. Alde batetik, ibilaldi gidatua abiatuko da arratsaldeko 3etan eta ordu erdi beranduago, binakako kronoigoera hasiko da. Honetan, mutilen bikoteak, nesken bikoteak eta bikote mixtoak onartuko dira, beti ere 16 eta 65 urte arteko jendeak osatuak.

Izen ematea urtarrilaren 8a baino lehen egin behar da, Errekalde ostatuan, Lixoia ostatuan, Garbiñe Agararen Puri Enean edo Berako kiroldegian egin behar dira. Dortsalak probaren egunean banatuko dira Gure Txokoan, eguerdiko 12:30etik arratsaldeko 2:30etara. Proba akautzerakoan, parte hartzaile guztientzako berendua izanen da.

Agerra mendi taldeak oroitarria paratuko du goizean

Aipatzekoa da, egun berean, Agerra Mendi Taldeak Zubi, Loro eta Xabi lagun mendizaleen omenez oroitarria inauguratuko du, beraien heriotzaren urtemuga gogoratuz. Ekitaldia goizeko 11etan eginen da Santa Barbara mendi gainean eta taldean joateko irteera, Agerra Mendi Taldearen elkartetik, goizeko 9:30etan izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun