Gure Txokoak 3-0 irabazi zion Beti Gazteri abenduaren 15ean Matzadan jokatutako Bortzirietako futbol derbi nagusian, Gipuzkoako Erregionaleko 1. mailan.
Bortz minutu eskasetan laburbildu daiteke partiduak eman zuena. Izan ere, lehen zatiko azken bortz minututan, ordura arte joku eta aukera handirik gabeko partida irauli eta erabaki baitzuen etxeko taldeak, Iñaki Irazoki, Jon de la Cruz eta Iñaki Eskuderoren hiru golekin. Bigarren zatia soberan izan zen. Beti Gaztek ez zuen inoiz arrisku itxurarik eman eta Gure Txokoak lan handiegirik gabe eutsi zion markagailuari. Beratarren laugarren gola lesakarren lehenbizikoa baino hurbilago egon zen.
Bi taldeak puntu premiarekin zelairatu ziren Matzadan. Beti Gaztek liga hasiera on baten ondotik azken bi partidak galduak zituen eta garaipena behar beharrezkoa zuen, goitiko postuetatik ez urruntzeko. Gure Txokoa, berriz, jautsiera postuan zegoen, eta puntuak behar beharrezkoak zituen hortik ateratzeko. Azkenean, lesakarrak aunitz urrundu dira igoera postuetatik eta beratarrek ere ez dute lortu jautsiera postuetatik ateratzea, gibeleko postuetan zeuden talde gehienek ere irabazi egin baitzuten aste hondar honetan.