Arantzako Udalak, aldi baterako eta lanpostua finkoa ateri arte, zerbitzu anitzetako langile euskalduna oposizio-lehiaketa bidez hartu nahi du. Eskaerak Arantzako udalen aurkeztu behar dira urtarrilaren 18ko eguerdiko ordubiak baino lehen eta hautatutako langilea otsailaren 1ean hasiko da lanean.
Langileak izanen dituen eginkizunen artean, ur biltegien, kloratzaileen eta hornidura eta saneamendu sareen mantentze lanak eta kontrola eta kontadoreen irakurketa egitea dago. Modu berean, herriko argiteriaren, hilerriaren, bide eta mendien edo herriko bertze zerbitzuen mantentze eta zaintza lanak egin beharko ditu. Igeltsero, iturgin, elektrizitate, zurgin, pintatze edo soldadura lanak ere egin beharko ditu, baita udalak eskatutako egitura eta aparailuak jarri eta kenduko ditu. Laguntza administratiboko oinarrizko lanak ere eginen ditu, hau da, agiriak banatzea, Arantzako udalaren mugapean bandoak zabaltzea, eta Udalak eskatzen dizkion guztiak, betiere lanpostuari lotuak direnak.
Hiru proba
Langilea aukeratzeko hiru proba eginen dira, guziak urtarrilean, goizeko 9etan hasita Arantzako Herriko Etxean. Euskara proba, mankomunitateak onartutako lehen hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko izanen da eta proba baztertzailea izanen da. Beraz, prozesutik kanpo geldituko dira gainditzen ez dutenak. Proba idatziak bi atal izanen ditu, teorikoa eta praktikoa. Azken honetan, lanpostuarekin zerikusia duten lan xeheak eginen dira. Azken proban, hautagaiak hamar minutuko elkarrizketa izanen du epaimahaiarekin. Epaimahaiko mahaiburua Jaime Iturria zinegotzia izanen da, mahaikide-idazkaria Arantzako udaleko idazkaria eta mahaikideak, Cederna-Garalur elkartearen teknikaria eta Toki-Ona institutuko irakaslea.