Mingain urdinaren eritasunarekin bi kasu agertu dira herrian

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 2a

Martxoaren 31rako azienda guztiek txertoa bi aldiz jasoko dutela iragarri dute

Azaroa hasieratik egindako ardi eta behi- azienden ikuskapen klinikoen ondotik, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak Nafarroako iparraldean mingain urdinaren 11 kasu aurkitu ditu zortzi ustiategi ezberdinetan. Kasu horietako batzuk gure eskualdean aurkitu dira: bi Beran, bi Lesakan, hiru Goizuetan eta kasu bakarra Leitzan.

Oiartzunen gaitza zuten buruak aurkitu ondotik, 20 kilometroko bueltan dauden Nafarroako ustiategietan kontrolak egiten hasi ziren. Geroztik, 374 ustiategi bisitatu dituzte. Emaitzen arabera, 10 behi eta ardi bakar batek positiboa eman dute proban. Momentuz, 685.000 arditik 145.000 txertatu dituzte, eta hauetatik 18.000 bigarren aldiz txertatuta daude. Aurreikuspenen arabera, martxoaren 31rako azienda guztia bigarren aldiz txertatua egotea espero da. Honek guztiak 400.000 euro baino gehiagoko kostua ekarriko du, baina Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko du gastua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun