Berako udalbatzarrak aho batez onartu du asfalto lantegia Alkaiagan egitea ez dela “batere egokia”

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 27a

Orsak asfalto lantegia egin nahi du Alkaiagako toki honetan. TTIPI TTAPA

Orsa asfalto lantegiak Alkaiagan egin nahi duen lantegiari buruz, Agerra auzo-bilerak aurkeztutako mozioa aurkeztu zen joan den ortzegunean Berako udalbatzarrean. Alkaiaga eta Agerrako bizilagun aunitz hurbildu ziren Herriko Etxera eta zenbait eztabaida izan ziren, gaia bozkatu aitzinetik. Azkenean, botazioa puntuz puntu egitea onartu zen.

ANV, EA, Aralar eta PNVko udal taldeek aho batez onartu zuten puntu baten arabera, “brea egiteko labea Alkaiagan kokatzea ez zaio batere egokia iruditzen Berako udal batzarrari”. Izan ere, “horrelako jarduera batentzat ez da tokirik egokiena inondik inora, herri baten sarreran, etxeko atarian, Alkaiaga eta Agerrako hainbat etxebizitza bertatik bertara dituela, eta Berako herri osoa 2.000 metro inguruan”. Gisa berean, epaiketara jotzea erabaki duten Alkaiagako auzotarrei elkartasuna adierazterakoan ere denak ados jarri ziren. Izan ere, Alkaiagako bizilagun batzuk Lesakako Udalaren kontra jo dute epaitegietara, honelako lantegi bat eraikitzeko baimena emateagatik.

Hurrengo puntuan hasi ziren udal talde desberdinen arteko ezadostasunak. ANV eta Aralarren aldeko botoekin eta EA eta PNVren kontrakoekin onartu zen hurrengo puntua: Berako udal batzarrak ofizialki azaltzen dio Lesakakoari bere haserrea eta egonezina, “ez zaigulako batere bidezkoa iduritzen brea egiteko labe bat Berako herri sarreran ezartzea, etxe atarian”. Arrazoi horregatik, bertzeak bertze, hor behintzat jarduera hori ez hasteko bere esku duen guztia egitea eskatu dio Lesakako Udalari.

Agerrako bizilagunek aurkeztutako mozioaren azken puntua, berriz, ez zen onartu, ANVk bakarrik eman baitzuen aldeko botoa eta EA, Aralar eta PNVk kontrakoa. Puntu horretan, Berako Udalak mila euroko aportazio sinbolikoa egitea eskatzen zen, bere garaian, epaiketako defentsa horretan gastatu eta justifikatutako gastuetan laguntzeko. Erran bezala, puntu hau gibelera bota zuen Udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun