Abenduaren 9 eta 10 arteko gauean Etxalarko Oiarburu baserria erabat kixkali zen. Tximista bat sartu eta baserria suntsitu zuen. Berehala herritarrak sentsibilizatu eta ekimenak martxan jarri zituzten laguntza emateko. Etxalarko udalak pare bat kontu zabaldu zituen jendeak dirua eman zezan. Baina horrez gain, Toki Ona institutuko guraso elkarteak zare baten zozketa antolatu zuen.
Guztiz arrakastatsua suertatu da eta egunotan Toki Ona institutuko sarreran ikusgai jarri dute. Dena den, argazkian ageri diren produktuez gain, edari ezberdineko ehun bat botila ere ba omen dituzte, baina drogomenpekotasunaren kontrako kanpainak direla eta, ez erakustea erabaki dute guraso eta irakasleek.
Azken berrien inguruko xehetasunak Axun Maia guraso elkarteko kideak eman dizkigu. Zehazki, urtarrilaren 8an, ikasle eta irakasleak Eguberrietako oporretatik itzultzen direnean eginen da zozketa. Berez, San Juan Bosco egunean zozketatzekoa zen, baina hainbat produktu bildu ditugunez, eta jendeak erosteko borondatea erakutsi duenez, epea luzatzea erabaki dugu”. Zozketa honekin 10.000 euro biltzeko helburua dauka Toki-Onako Guraso elkarteak eta oso-osorik Oiarburuko bizilagunentzat joanen litzateke.
Beraz, Eguberrietako loteria ez dakit, baina zenbaitzuk zare ederra eramanen dute etxera eta aukera polita da produktuak lortzeaz gain, Oiarburu baserriari laguntza emateko.