Igantziko kirol instalazioetarako 238.000 euroko laguntza lortu du EAJ-PNVk kongresuan

ttipi-ttapa 2007ko abenduaren 21a

Agirrebengoa, Goienetxe eta Sein, gaur goizean Igantziko udaletxean egindako prentsaurrekoan. TTIPI TTAPA

Gimnasioa egiteko eta frontoiaren zati bat estaltzeko erabiliko da

Espainiako Estatuaren 2008ko Aurrekontu Orokorretan, Igantziko Udalarentzat 238.000 euroko dirulaguntza sartzea lortu du EAJ-PNVko kongresuko taldeak. Diru hori zertarako bideratuko den azaltzeko prentsaurrekoa eskaini zuten abenduaren 21ean Igantziko Udaletxean Jose Angel Agirrebengoa EAJ-PNVko Napar Buru Batzarreko presidenteak, Iñaki Goienetxe Igantziko alkateak eta Agustin Sainz zinegotziak. Zehazki, Igantzin gimnasioa egiteko eta frontoiaren zati bat estaltzeko 238.000 euroko laguntza eskuratuko du Udalak.

Lehenik Agirrebengoak hartu du hitza eta Igantziko udal korporazioaren eta, batez ere PNVko udal taldearen lana azpimarratu du eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko herri ttikietara hirietan izan ditzaketen azpiegiturak ekartzen saiatuko direla aipatu du.

Iñaki Goienetxek, dirulaguntza honetarako deialdia 2007ko martxoan argitaratu zela eta aitzineko udal korporazioak bi proiektuak aurkeztu zituela onartu du. «Gimnasioaren hasierako balorazioa 194.000 eurokoa zen eta Nafarroako Gobernuak 88.000 euroko laguntza onartu zuen. Beraz, 106.000 euro ordaintzea tokatuko litzaioke Igantziko udalari eta hori gurea bezalako herri ttiki batentzat aunitz denez, PNVko kongresuko taldearekin solastu eta dena ordaintzeko modua izan zitekeela aipatu ziguten. Aurkeztu zen eta kongresuak onartu egin du 238.000 euroko laguntza, lehengo 40 milioi pezeta eskas».

Gimnasioaren beharra ere azpimarratu du Iñaki Goienetxek. Agustin Sein zinegotziak, bere aldetik, Lesakako PNVko ordezkariek proiektu hauek bultzatzeko eman duten laguntza ere goraipatu nahi izan du: «Bakoitzari berea eman behar zaio eta Juan Fermin Mitxelenak eta Laura Iantzik aunitz bultzatu dute proiektu hau ea hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun