Bortzirietako bertso eskolaren taldekako bederatzigarren lehiaketa eginen da ortziral eta larunbat honetan, bertso maratoi gisara, “Murgildu punttuen uni-bertsoan, izarrez beterik dago” izenburupean. Guzira 24 bertsolari ariko dira, zortzi hirukotetan banatuak. Lehenbiziko bi kanporaketak ortziralean, abenduaren 21ean, arratseko 20:30ean Berako Espidobaitan eginen den afari berenduaren ondotik eginen dira. Alde batetik, attona ta bi gaztik, Manolo Arozena, Ioar Tainta eta Josu Sanjurjo, alegia, Eliztarrak taldearen kontra ariko dira, hau da, Bittor Elizagoien, Iker Gorosterrazu eta Jon Elizetxeren kontra. Ondotik, Erika Lagoma, Xabier Terreros eta Imanol Lopezek osatzen duten Garai bateko piña, Jon Barberena, Alazne Untxalo eta Maialen Belarra, edo Izarra, fana eta karabinaren kontra ariko dira.
Larunbatean Lesakan
Larunbatean izanen du segida lehiaketak Lesakan. Ordubata terdietan Txarutan eginen den bazkariaren ondotik, iazko txapeldunek, Silveira anaiek eta Goñi II.ak, Asto gorritxoak izanen dituzte arerio, Etxabe, Juan Mari Lopez eta Egoitz Telletxea. Laugarren kanporaketa Haizegoan eginen da arratsaldeko 16:30ean. Julen Zelaieta eta Beñat eta Garazi Tabernak osatzen duten Beratarrak taldeak, Iñigo Olaetxea Makuko, Estitxu Fernandez eta Itturri zubietarraren Treintañeruk taldearen kontra ariko dira.
Finalerdiak Saskin eta Atxaspin, finala Kattun
Ondotik, arratsaldeko 18:30ean egnen da lehenbiziko finalerdia Saskin eta arratseko 20:30ean bigarrena Atxaspin. Finala berriz, gaueko 10etan Kattun eginen den barrikotearen ondotik jokatuko da.
Bortzirietako Bertso Eskolatik jakinarazi dutenez, otorduetara joan nahi dutenek 618 963011 telefonora deitu behar dute.