Abenduaren 6tik 8ra Kultur Egunak egin ziren Igantzin. Haur zein heldu, denen izan zuten parte hartzeko aukera. Abenduaren 6an, ortziralarekin haurrak izan ziren protagonistak, eta herri kiroletan ari eta filmak ikusteko aukera izan zuten, baita merienda goxoa dastatzeko aukera ere. Biharamunean, hilak 7, Euskal Herrian hain ezagun egin diren Bota patsa! antzerkia ikusteko aukera egon zen. Ongi pasatzeko komedia arin bat eskaini zuten eta Zaharren Etxea jendez bete zen emanaldia ikusteko. Larunbatean, tradizio bihurtu den erakusketa eguna izan zen. Biltokiren eskutik, Igantziarrak eta kirola gaiarekin erakusketa izan zen Baratzondon. Azken urteotan mendian, bizikletan edo pilotan herritarrek jokatu eta irabazitako txapelketak bildu zituzten Baratzondoko mahaietan argazki eta trofeoen bidez.
Erakusketarekin batera patata-tortila lehiaketa abiatu zen. Guztira, bederatzi tortilla aurkeztu ziren eta guztien artean, Julen Taberna gaztearena aukeratu zuen epaimahaiak. Bigarren saria, Julenen amarentzat, Gurutze Iribarrenentzat izan zen. Semeak amaren irakaspenak ikasteaz gain, hobetu ere egin duela erran liteke, beraz. Hirugarren saria ere gaztetxo koadrila batentzat izan zen, Janire, Maite, Unai eta konpainiarentzat. Epaimahaia Maria Jesus Telletxea, Josetxo Arburua, Jose Luis Sein eta Joseba Urbistondok osatu zuten.
Arratsaldean, lehiaketan parte hartu zuten tortillak dastatzeko aukera izan zen Biltokin eta kultur egunei akabera emateko, 64 P Errepidea taldearen jazz emanaldia izan zen, Udazkeneko Bira zikloaren barrenean.