Cornelia Lekuona Fundazioko lurren afera moldatu da azkenean

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 19a

Konstruktoreak kontratuen baliogabetasuna onartu du

Azkeneko hilabeteetan Lesakan hainbertze hauts harrotu duen Cornelia Lekuona Fundazioko lurren salerosketa kontratuen afera moldatu da. Duela hilabete inguru, Juan Fermin Mitxelena alkate ohiaren eskariz, kontratuak sinatu zituen konstruktoreak hauek ez zutela balorik onartu zuen, zuzenbidean erabat deusez baitziren, nuloak alegia: Juan Fermin Mitxelenak ez zuen Fundazioko Patronatuaren botererik sinatu zituenean eta gainera, salerosketa kontratuko lurrak, berez, ezin ziren saldu. Honela, kontratua kitatua gelditu zen eta sinatzaileek ondotik edozein erreklamazio aurkezteari uko egin zioten.

Juan Fermin Mitxelena alkate ohia kontent agertu da afera moldatu delako azkenean. Berak aipatutakoaren arabera, bere hanka sartzea izan zenez, berak hartu zuen udal batzarrean arazoa moldatzeko konpromisoa, «eta horrelaxe egin dut, inolako ondorio ekonomikorik gabe, ez Udalarentzat ezta Fundazioarentzat ere». Soluzio honekin, gainera, bide judiziala saihestea lortu da, horrek ondorio ekonomikoak izanen baitzituen Cornelia Lekuona Fundazioarentzat eta Tantirumairu ikastolarentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun