ANVren aldarriarekin bat egin dute Bortzirietako hainbat lagunek

Aitor AROTZENA 2007ko abe. 18a, 16:25
Bortzirietako hainbat eragilek bat egin dute ANVren idatziarekin. TTIPI TTAPA

Larunbatean egin zuten aurkezpena Etxalarko Kultur Etxean

Heldu den urteko martxoko hauteskundetan aurkezteko borondatea eta Euskal Herriaren independentziaren aldeko manifestua aurkeztu zuen Bortzirietako ANVk larunbat eguerdian Etxalarko Kultur Etxean. Hainbat pertsonai ezagunek idatziari atxikimendua agertu diote. Horietako aunitz bildu ziren Etxalarren. Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek, aldiz, ezin izan zuten Bortzirietako agerraldian egon, ordu berean, Nafarroako ANVko udal karguek ekimen honen aurkezpena egin baitzuten Iruñean.

Honela, Irati Lujua eta Iban Maia zinegotziek hartu zuten hitza, ANVren aldarria irakurtzeko. ANVren ustez, “espainiar eta frantziar estatuek ez gaituzte errespetatzen, ez digute gure nortasunari atxikitzeko aukerarik ematen, eta nazio gisa desegin nahi gaituzte, erabakiak libreki hartzeko bidea itxiz”. ANVren idatziaren arabera, “euskaldunok gure Estatua osatu behar dugu, eta horretarako urrats zehatzak eman behar ditugu. Independentzia euskal jendartearen potentziala garatzeko biderik onena delako, gure hizkuntz, kultura eta nortasuna babesteko modurik onena delako, gure eredu propio

Ondotik, idatziari atxikimendua eman dioten zenbait bortzerritarren izenak aipatu zituzten. Bertzeak bertze bertsolariak, musikariak, kirolariak, zinegotzi eta zinegotzi ohiak, sindikatuetako kideak eta bertze hainbat bortziritarrek bat egin dute ANVren idatziarekin. Dena den, atxikimendu kanpaina ez da oraindik bukatu eta abudo jakinaraziko du ANVk behin betiko zerrenda.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun