Bortzirietako Haur eta Gazte ipuin Lehiaketako sariak banatu dira

TTIPI TTAPA 2007ko abe. 17a, 15:41

Nagusienen mailan Irune Elizagoien etxalartarraren idazlanak irabazi du lehen saria

Joan den ortziralean, abenduaren 14an banatu ziren Bortzirietako Haur eta Gazte ipuin Lehiaketako sariak. Lehiaketa hau Berako Kultur Batzordeak eta Berako Liburutegiaren ekimenada eta oraingoan ere, irudimena, originaltasuna eta hizkuntzaren aberastasuna baloratu dute epaimahaikideek. Idazle gaztetxoek Denboraren makinan sartu zara... gaiaren inguruan idatzi behar izan zituzten idazlanak. Lau mailatan banatu zuten antolatzaileek sariketa, adinaren arabera.

A Mailan Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleak lehiatu ziren eta lehenbiziko saria Labiaga Ikastolako Uxue Antzizarren Leku batetik bestera idazlanarentzat izan zen. Bigarren saria Arantzako Herri Eskolako Xabi Tabernak jaso zuen, Denboraren kobazuloa lanarengatik. Hirugarren saria ere Labiagara joan zen eta Asier Osesen Nire opari polita idazlana izan zen epaimahaiak aukeratua.

B Maila Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailakoen tartea izan zen. Labiaga Ikastolako Jokin Pinatxoren Riskiren ametsa gelditu zen lehenbiziko; bigarren postua Arantzako Herri Eskolako Gurutze Iparragirrerentzat izan zen, Komikiko denboraren makina lanarengatik. Hirugarren saria Labiaga Ikastolako Aritz Ibarrarentzat izan zen, Mikelen abenturak izeneko idazlanarengatik.

C Mailan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoak lehiatu ziren. Labiaga Ikastolako Jon Iturriaren Maiatzak 27 lanak irabazi zuen lehen saria; bigarren posturako Labiaga Ikastolako Garazi Conderen Rubanako liburu beltza idazlana aukeratu zuten; hirugarren saria ere Labiaga Ikastolara joan zen; Patrizia Etxegarairen Holandako hamabi mutilak aukeratu zuten.

D Mailan DBHko 3. eta 4. mailakoak aritu ziren, eta saria Toki Ona Institutuan ari den Irune Elizagoien etxalartarrarentzat izan zen. Gaixotasun sendaezina idazlana izan zen epaimahaiak aukeratutakoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun