Lesakako igerileku estalia hartuko duen Udal kiroldegian izen emateko bigarren abonatu kanpaina abiatu da astelehen honetan, abenduaren 10ean eta urtea akautu arte iraunen du. Oraingoz, Lesakako udaletxeko pleno aretoan eta Berako Toki-Ona kiroldegian eman behar da izena. Beran, astelehen eta astearte goizeko 10etatik 12etara egiten ahal da izen ematea eta ortzegun arratsaldeko 5:30etik 8:30era. Lesakako udaletxean, berriz, astelehen eta astearte arratsaldeko 5:30etik 8:30era eta ortzegun eta ortziraleko 11etatik 2etara. Heldu den urteko martxoan irekiko den Lesakako udal kiroldegiko bazkide izateko sarrerako matrikula bat ordaindu beharko da: 16 eta 64 urte arteko helduek 100 euro; 11 eta 15 urte arteko gazteek 75 euro; 4 eta 10 urteko haurrek 60 eta 64 urtetik goitikoek 75 euro. 3 urte arteko haurrek ez dute matrikularik eta hilabeteko kuotarik ordaindu beharko. Horretaz gain, urte osoko abonoa egiten duten helduek hilabetean 16,67 euro ordainduko dute, gazteek eta 64 urtetik goitikoek 12,50 euro eta haurrek 10 euro. Neguko abonoa, hau da urritik ekaina bitartekoa, egiten duten helduek, hilabetean 18,75 euro ordaindu beharko dute, gazteek eta 64 urtetik goitikoek 15 euro eta haurrek 12,50 euro. Udako abonoa bakarrik egiteko aukera ere bada, ekaina, uztaila eta abuzturako. Aukera honetan, helduek 90 euro ordaindu beharko dute, gazteek eta 65 urtetik goitikoek 80 eta haurrek 60 euro.
Fitness aretoa
Prezio hauetan, igerilekuez gain, hidroterapia eta gune termala erabiltzen ahal dira, sauna lehorra, izotz iturria, lurrun bainua, dutxa ziklonikoak, ur hotzeko putzua, kontraste pasabidea eta hidroterapia putzuekin. Fitness aretoa erabiltzeko modua ere eskainiko du Lesakako udal kiroldegiak, kirol makina eta irakasleekin. Muskulazio aparatuak, kardiobaskular gunea, pisu librea eta luzatzeko gunea izanen dute erabiltzaileek, norbanako zerbitzua jasotzeaz gain. Fitness aretoa erabiltzearen truke, urteko abonoa dutenek trimestreko 15 euroko kuota izanen dute eta neguko abonoa dutenek trimestreko 20 eurokoa.
Abenduko eskaintzak
Abenduaren 31 arteko kanpaina honetan bi eskaintza egiten ditu kiroldegia kudeatuko duen Urdi enpresak. Alde batetik, familiako abonoa egiten dutenek %20ko deskontua izanen dute matrikulan eta 10 urtetik beheitiko haurrentzat hilabeteko kuota doan izanen da. Bakarkako abonoa egiten dutenek ere izanen dute abantailarik: muskulazioko lehen hiruhilabetea doan edo lehen hilabeteko kuota doan izanen dute aukeran.
Udako denboraldian egin zen lehen kanpainan 324 abonatu lortu ziren eta dagoeneko laurehun inguru dira heldu den urteko martxoan irekiko den Lesakako udal kiroldegiko bazkideak. Informazio gehiago 012 telefonoan eta www.lesaka.net edo www.urdisl.com Internet helbideetan dago eskura.