N-121A errepideko lanak bisitatu ditu Laura Alba Cuadrado kontseilariak

ttipi-ttapa 2007ko abe. 12a, 14:41
Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako kontseilariak, teknikarien azalpenak aditu ditu. TTIPI TTAPA

Obrek irauten duten bitartean “bide alternatiboak” erabiltzea aholkatu du

Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako kontseilariak, Laura Alba Cuadradok, N-121A errepidean, Igantzi eta Endarlatsa arteko lanak bisitatu ditu asteazken goizean, Etxalarko Bentatik abiatuta.

Jakina denez, lanak hiru zatitan banatuak daude eta trafiko zama handia izaten duen errepide honi bide azkarraren izaera ematea da lanen xedea. Igantzi-Etxalar eta Etxalar-Bera bide zatiak OHL, Ideconsa eta Ecay Andueza enpresek osatzen duten aldi baterako Enpresen Elkarteari esleitu zitzaion eta Bera-Endarlatsa zatia, berriz, Mariezkurrena eraikuntza enpresari.

Igantzi eta Etxalar arteko zatiak 4150 metroko luzera eta 21.941.516 euroko aurrekontua du eta lau zubi eginen dira. Hasieran Basataundiko tunela eginen da, 425 metrokoa. Igantziko loturan, errepidean sartzeko eta errepidtik ateratzeko mugimendu guziak egiteko aukera izanen da, Etxalarko loturan bezalaxe. Etxalar eta Bera arteko zatiak 3.720 metro eta 21.124.728 euroko aurrekontua du. Hemen ere lau zubi eginen dira eta Amisalaietako tunela, 305 metrokoa. Lesakan lotura erdia eginen da, baina errepide berrira sartu nahi dutenek Etxalarko loturara edo Bera ondoan eginen den Larrezabalgo loturara jo beharko dute. Bera eta Endarlatsa arteko zatiari dagokionez, 2.533 metro du eta bi zubi eginen dira. Hiru karril izanen ditu, horietatik bi Endarlatsatik Berarako norabidean, malda goiti norabide horretan delako. Berako udal hirigintza planaren arabera aurrikusia dagoen industrialdera, Serrallako bidera eta Antzuzelai aldera ateratzeko lotura eginen da.

Bide alternatiboak erabiltzeko eskaria

N-121A errepideko ohiko erabiltzaileek ederki dakitenez eta eskualdeko udal agintariek hainbatetan salatu dutenez, lanen ondorioz trafikoa hainbatetan moztu behar izaten da. Leherketak direla, istripuak direla, zenbaitetan orduak eta orduak itxita egoten da errepidea eta gidariek bertzelako alternatibak bilatu behar izaten dituzte. Asteazken goizean egindako bisitan, horren jakitun dela aipatu du kontseilariak eta gidarien laguntza eskatu du. Horretarako, lanek irauten duten bitartean bertze bideak erabiltzea eskatu du. Noski, hori bidai luzeak egiten dituzten kamioiek egiten ahal dute, A15 autobidea erabiliz, errate baterako. Baina gure eskualdean herriarteko bidea egiten dutenek, edo Irun, Donostia aldera edo Iruña aldera jo behar dutenek irtenbidea zailagoa dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun