Buruko eritasunak dituzten pertsonak eta hauen senideak biltzen dituen Anasaps-Dizdira elkartearen argazki erakusketa egunotan ikusgai dago Berako kultur etxean. Igandea bitarte arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara bisita daiteke. Nahiz eta erakusketa berez pasa den asteaan zabaldu, inaugurazio ekitaldia astelehenean, abenduaren 10ean, egin zen.
Iaz margo erakusketa egin zen eta aurten elkarteko kideek argazkilaritza hartu dute erronka moduan. Hogei egileren 100 argazki inguru biltzen dira. Gehienek egileen izenak agertzen dituzte, baina batzuk anonimotasuna gorde nahi izan dute. Natura, paisaiak, eguneroko bizitza eta mota honetako gaial landu dituzte.
Anasaps elkartea
Anasaps Nafarroako osasun mentaleko erakundea da. Irabazi asmorik gabeko erakundea 1987. urtean eratu zen, buruko eritasunak zituzten senitartekoak bilduta. Nafarroako Foru Erkidegoan du ekinbidea eta egoitza Iruñeko Altzania ibaia kaleko 20. zenbakian. Dena den, beste 4 delegazio ditu Nafarroan sakabanatuta: Tutera, Lizarra, Tafalla eta Donezteben. Azken honetan Dizdira izena hartu du taldeak.
Anasapsek helburu bikoitza du: eritasun mental kronikoa duten pertsonen eta senitartekoen interesen defentsa bateraturako mugimendu soziala sortu eta Nafarroako administrazio publikoekin elkar laguntza sustatu eritasun mentala duten pertsonentzat zerbitzu bereziak sortzeko. Anasaps elkarteak ekimen pribatu eta publikoak sustatu, babestu eta dinamizatzea du helburu, buruko eritasun kronikoak dituzten pertsonei eskaintzen zaien arreta hobetzeko Nafarroa mailan. Bertzalde, Nafarroako gizartea eta instituzio publikoak sentsibilizatzea konpromiso bat lortzeko, eritasun mentalak gainerako patologiekin bateratu eta osasun sare bat martxan jarriz. Urtean zehar aisialdia lantzeko hainbat programa martxan jartzen ditu eta Nafarroa osoan ezaguna izan dadin erakusketa hau egiten ari da.