Biurrana eta Onin errekak bideratzeko ardura hartu du Espainiako Iparraldeko Ur-Konfederazioak

TTIPI TTAPA 2007ko abe. 12a, 12:33

Irubide, Sumusa, konbentua, Osasun Zentroa eta Beko Errotako zubiak berrituko dira

Biurrana eta Onin errekak bideratu eta ingurumen aldetik berreskuratzeko lanak egiteko ardura hartu du Espainiako Iparraldeko Ur-Konfederazioak. Abenduaren 4an, Gobernuaren Delegazioak Iruñean duen bulegoan bilera izan zuten Koldo Erkizia Lesakako alkateak, Fermin Altzugari udal hirigintza batzordeko presidenteak, Maiorga Ramirez Nafarroako EAko presidenteak eta Nafarroa Baiko bozeramaleak eta Jorge Marquinez, Espainiako Iparraldeko Ur-Konfederazioko presidenteak, zenbait teknikariekin batera. Bilera honen ondotik eman zen erabakiaren berri. Modu berean, proiektua betetzen dela segurtatzeko hitzarmena sinatuko dute Konfederazioak, Nafarroako Gobernuak eta Lesakako Udalak. Ur-Konfederazioak, bere aldetik, urtea akautu baino lehen teknikariak bidaliko ditu Lesakara diagnosia egiteko eta gero, proiektuari ekin ahal izateko.

Espainiako Diputatuen Kongresuan Nafarroa Bai koalizioko Uxue Barkos diputatuak udaberrian aurkeztutako proiektuak 2.289.900 euroko aurrekontua du eta bere osotasunean Estatuak ordainduko du. Biurrana eta Onin erreketako bina lekutan eginen dira hobetze lanak. Irubide inguruan, 300 metrotan eginen dira lanak errekaren bi aldeetan, 24.961 euroko gastuarekin. Irubideko zubia bota eta berria ere eginen da. Aceralia parean ere bertze 300 metrotan moldaketa lanak eginen dira. Sumusako zubia ere bota eginen da eta berria eraiki, 221.712 euroko gastuarekin. Onin errekari dagokionez, igerileku inguruko 100 metrotan zuhaitzak landatuko dira, tratamendua eginen da eta konbentuko zubia bota eta berria eraikiko, 435.617 euroko gastuarekin. Landazelaian eginen da moldaketa zatirik handiena, 750 metro, Osasun Zentrotik hasi eta Tomasenekoborda bitartean. Errekaren bi aldeetako moldaketa eta landatze lanez gain, Osasun Zentruko eta Beheko Errotako zubiak berrituko dira eta pasabide berria eginen da. Inguru honetan eginen den gastua 749.493 eurokoa izanen da.

Koldo Erkizia, Lesakako alkatearen ustez, “proiektu hau lehenbailehen egin beharrekoa da, herria bi erreken artean dagoelako eta uholdeak gertatzeko arriskua dagoelako. Lan hauek esker, herriko hirigintza garatzeko aukera ere izanen dela uste du Erkiziak. Proiektu honen konpetentziak Ur-Konfederazioarenak eta Nafarroako Gobernuarenak dira eta Lesakako udala, bultzatzailea eta laguntzailea da. Horregatik, Espainiako Iparraldeko Ur-Konfederazioak, Begoña Sanzberro, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariarekin biltzeko asmoa ere azaldu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun