Urtero bezala Igantziko Euskara Batzordeak kultur egunak antolatu ditu abenduaren 6tik 8ra bitartean. Abenduaren 6ko ekitaldi guztiak haurrei zuzenduak izanen dira. Hasteko, 11:00etatik aitzinera eta bi orduz, tailerrak izanen dituzte, Kulki taldearekin frontoian. Talde hau lehen ere Igantzin izana da, eta herri kiroletan oinarritutako tailerrak lantzen ditu, haurrentzat aski gustukoak izaten direnak. Arratsaldean bi film eskaniko zaizkie, biak ere Barantzondon. Lehena, 4:00etan, txikienentzat, Haur Hezkuntzakoentzat, izanen da. Ondotik, 5:15ean Lehen Hezkuntzakoentzat bertze bat izanen da. Eta gero denentzako berendua izanen da.
Bota patsa! Antzerki emanaldia ortziralean
Abenduaren 7an helduentzako txanda izanen da. Gaueko 9:00etan, Baratzondon, Bota patsa! antzerki emanaldia izanen da. Txalo Konpainiaren lana da eta telebistako bi aktore ezagunek parte hartzen dute. Biak gimnasio batean elkartuko dira, eta haien arteko elkarrizketaren bitartez ongi pasatzeko komedia arin bat eskainiko dute.
Igantziarrak eta kirola erakusketa larunbatean
Abenduaren 8an, tradizio bihurtu denez, erakusketa eguna izanen da. Igantziko Biltokiren eskutik, Igantziarrak eta kirola gaiarekin erakusketa izanen da Baratzondon, 11:30etik aitzinera. Gai horrekin berarekin egin zen 2003ko erakusketa, baina, elkarteko arduradunen ustez, geroztik ere herritarrak kirol jarduera anitzetan aritu dira, eta berriz egitea erabaki dute. Erakusketarekin batera abiatuko da patata-tortila lehiaketa, 11:30ean frontoian. Nahi duen guztiak parte hartzen ahal du, eta arratsaldean, 7:00etatik aitzinera, horiek dastatzeko aukera izanen da Biltokin eginen den berenduan. Eta kultur egunei akabera emateko, Biltokin, 19:30ean 64 P Errepidea taldearen jazz emanaldia izanen da, Udazkeneko Bira deituriko zikloaren barrenean.