Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen ekimenez, Bortzirietan etxeko zaborraren birizklatze-kopurua hobetzeko poltsak doan banatuko dira. Ikerketa soziologiko berrien eta Bortzirietan egin diren kanpainetatik ateratako ondorioen arabera, jendeak ez ditu etxean sortzen zaizkion zaborraren zati desberdinak bereizten ez duelako horretarako edukiontzi egokirik. Hain zuzen, arazo horri aitzin egiteko asmoz dator poltsa berritzaile hau. Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatean Bortzirietako herritarren artean banatuko du laster. Mankomunitateak etxeetara bidalitako gutunean xehetasun horiek guztiak azaltzen dira, baita poltsa jasotzera gutunaren goiko aldearekin joan behar dela zehaztu ere. Kanpainaren helburua eta herri bakoitzean zein lekutan eta egunetan banatuko den zehaztu digu Ramon Olaziregi, Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko teknikariak. Eredua Txinguditik hartu dute eta orain, gutunak prestatzen ari dira. “Bortzirietan 3.000 etxebizitza baino gehiago daude eta mila poltsa banatuko ditugu. Ailegatzen ez badira, gehiago eginen ditugu. 18.000 euro inguru gastatu ditugu, boltsak balio dutena eta informazio kanpaina barne”.
Banaketa egunak eta orduak
Beran Eztegara frontoira joan beharko da edukiontzia jasotzera, abenduaren 10ean, 9:00etatik 11:00etara eta abenduaren 13an, 11:00etatik 13:00etara; Lesakan Herriko Etxeko arkupera joan behar da abenduaren 10ean, 11:30etik 13:30eraeta abenduaren 13an, 9:00etatik 11:00etara; Etxalarren Mankomunitateko bulegora joan behar da, abenduaren 12an, goiz osoan; Igantzin frontoira eta Arantzan Herriko Etxeko gorapera joan behar da. Dena den, aipatu, Arantzan eta Igantzin oraindik ez dela zehaztu zein egunetan eginen den banaketa, baina Mankomunitateik ahalik eta abudoen eginen dutela adierazi dute.
Argazkian ageri den bezala, urdin, berde eta hori koloreko hiru poltsa ditu, papera edo kartoia, beira eta enbaseak bakoitza dagokion lekuan sartzeko. Poltsak garbitu egin daitezke eta horrenbertzez, luzaroan erabiltzeko prestatuak daude. Erabiltzeko ez du inongo konplikaziorik.