Bortzirietako banda zabalari buruzko galdera egin dio NA BAIk Gobernuari

TTIPI TTAPA 2007ko aza. 28a, 12:35

Arazoa moldatzeko borondaterik ez duela salatu du Maiorga Ramirezek

Bortzirietan Interneteko banda zabalarekin izaten diren arazoak irtenbide erraza duten arren, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegurako Departamentuak hori moldatzeko borondaterik ez duela salatu du Maiorga Ramirez, Nafarroa Baiko parlamentariak.

Joan den ortzegunean egindako batzarrean, gai honi buruzko galdera egin zion Nafarroa Bai taldeko bozeramaileak Jose Maria Roig, departamentu horretako kontseilariari. Interneteko banda zabala ezartzeko, Gobernuak kudeatzen duen Telebista reemisore sareko seinale-errepikagailuak osatzeko errepikagailu berriak jartzeko asmorik ba ote duen galdetu zion Maiorga Ramirezek. Nafarroa Baiko bozeramailearen ustez, “gurea bezalako komunitate batean, oinarrizko zerbitzu eta eskubideak bermatu behar zaizkie herritar guziei, bizi diren lekuan bizi direla ere”.

Ramirezek dioenez, Bortziriak bezalako eskualde batzuetan banda zabalarekin arazoak etengabe sortzen dira. “Nafarroako Gobernuak onartu nahi ez baditu ere. Nafarroa Baik irtenbide erraza proposatu du, sare inalanbrikoak ezartzea, ez bakarrik telebista errepikagailuetan, baita bertze zonaldetan ere. Baina Berrikuntza Departamentuak ez du hori egin nahi, hori egiteko ahalmen ekonomiko aski izanda ere”.

Maiorga Ramirezen ustez, Gobernuaren jarrera hau guziz salagarria da, bi aldetik: “Lehenik, kalitatezko internet zerbitzuetarako sarbidea oinarrizko eskubidea da gizarte moderno batean; bertzetik, Gobernuak ez ditu herritar guziak berdin tratatzen, zenbait zonalde diskriminatzen dituelako, beharbada, horko udaletxeen kolorea ez delakoz Nafarroako Gobernuaren berdina

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun