Bortzirietako eskuz binakako pilota txapelketaren finalak jokatu ziren igandean

TTIPI TTAPA 2007ko aza. 26a, 16:29

Berehala buruz buruko txapelketa hasiko da

Igande goizean jokatu ziren Igantzin Bortzirietako eskuz binakako zazpigarren txapelketaren finalak. Guzira 144 pilotari aritu txapelketa honetan eta guzi horietatik18 bikotek lortua zuten bederatzi finaletako batean jokatzeko txartela. Lehendabiziko partidoan, Aurrebanjaminak B mailan 18 eta 3 irabazi zuten Oier Larretxea eta Xiker Lizardi beratarrek Venta Yanci eta Xabier Taberna igantziarrei. Txapelketa honetan, Gaizka Zandio ere aritu da Berako bikotea osatzen. Eta emaitza berdina gertatu zen bigarren partidan ere, aurrebenjaminetan. Hemen ere bikote beratarrak, Yago Cantero eta Mikel Eltzaurdiak 18-3 irabazi diete Aritz Irazoki eta Enero Sanzberro etxalartarrei. Txapelketa guztian ez zuten partida bakar bat ere galdu ttikienen mailako Gure Txokoako bi bikote hauek, eta finalean nagusitasuna bera erakutsi dute. Ez zen gaizki hasi goiza beratarrentzat!

Hirugarren partidoan, Benjamin B mailan, gipuzkoarren arteko norgehiagoka izan zen. Hondarribiko Xabi eta Mikel Etxarte anaiak garaile izan dira, 18 eta 15 irabazi baitiete Oiartzungo Imanol Ugalde eta Mattin Kazaboni. Lehia polita izan zuten bi bikoteek eta berdintasun handi izan zen, bai joko aldetik, baita markagailuan ere. Azkenean, halere, Hondarribiko anaiak izan ziren irabazle. Laugarren partidoan, Benjaminetan, oraingoan bai Oiartzungoak txapeldun izan ziren. Iker Mujika eta Iker Salaberriak 18 eta 8 irabazi diete Gure Txokoako Harri Maritorena eta Peio Migelenari. Bikote hagitz polita osatzen dute oiartzuarrek, eta txapelketa guzian hala erakutsi dute, nahiko erraz irabaziz partida guztiak.

Bosgarren partidoan, Alebinak B mailakoa, Ekaitzako Jon Mazizior eta Gure Txokoako Jokin Pinatxo 18-12 nagusitu ziren Lesakako Arkupeko Julen Palenzuela eta Aitor Alzugarai-en kontra. Partida borrokatua izan zen, baita orekatua ere. Bikote garailea joan den urtean azpitxapeldun gelditu zen eta aurten berriz ere saiatu dira txapela lortzen, eta baita lortu ere! Seigarren partidoan, Alebin mailan, elkar ongi ezagutzen duten Berako bi bikote izan ziren aurrez aurre. Andoni Lazkanotegi eta Beñat Mitxelena izan ziren garaile, 18 eta 11 irabazita Ander Errandonea eta Iñigo Martinezi. Irabazleak beti aitzinetik joan ziren, nahiz eta galtzaileak bizpahiru aldiz hurbildu. Erritmo bizia izan zen partida osoan. Tantu gogorrak eta bikainak ikusi ziren partida honetan, batez ere gantxoak eta dejadak txokoan.

Zazpigarren partidan, infantil B mailan, Oiartzungo Andoni Ugalde eta Jon Irigoienek 18 eta12 irabazi zieten Etxalarko Xabier Gallardon eta Beñat Maiari, Azken markagailuak hori adierazten ez badu ere, berdintasun handia izan zen partida osoan. Aitinetik ere paratu zen Etxalarko bikotea, baina azken zatian urrundu ziren Oiartzungoak 18ra ailegatu arte. Zortzigarren finalen, Infantil A mailan, partida orekatuagoa espero zen, txapelketan elkarren aurka arituak baitziren. Azkenean Oiartzungo Oier Sarasti eta Eneko Aizpuruk 18 eta 6 irabazi zieten Lesakako Unai Zamorano eta Arantzako Markel Jorajuriari. Min handia egin zuen Sarasti aurrelariak bere sakearekin eta bere indarrarekin gibeleko aldean. Erraz nagusitu ziren finalean oiartzuarrak.

Azken partidan, kadete mailakoan, bi bikote mixto aritu ziren. Alde batetik, Gure Txokoako Julen Errandonea eta Arkupeko Iosu Sanjurjo eta bertzetik, Arkupeko Mikel Maia eta Igantziko Biltokiko Iker Rojo. Partida ederra eskaini zuten. Hasieran hagitz parekatua joan zen markagailua. Azken txanpan tanto bikainak ikusi ziren eta hagitz ongi aritu ziren lau pilotariak. Azkenean, halere, gehiago asmatu zuten Mikel Maiak eta Iker Rojok eta 18 eta 12 irabaztea lortu zuten. Partido guztiak bukatu ondotik, sariak eman zitzaizkien txapeldunei eta azpitxapeldunei. Txapelketa jokatu duten guziei oroigarri bana ere eman zitzaien. Egun hotza izan zen igandekoa tenperatura aldetik Igantzin, baina finalak ikustera etorri zen jendetzak giroa ederki berotu zuen. Binakako Txapelketa bukatu da, baina laister jarriko da martxan banakakoa. Berriro ikusiko ditugu Bortzirietako frontoi guztiak asteburuetan txuriz jantzitako pilotariz beteta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun