Berako Ubidea enpresak nabe berria ireki zuen azaroaren 23an

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 26a

Begoña Sanzberro kontseilaria inaugurazio ekitaldian izan zen

Berako Ubidea Alimentación S.L. enpresak produkzio-nabe berria inauguratu zuen joan den ortziral goizean, azaroaren 23an. Inaugurazio ekitaldian, Begoña Sanzberro Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria izan zen.

Ubidea sei langile dituen famili-enpresa da eta 1994an sortu zen. Hasieran, lekaleak idorrean eta piperminak ozpinean enbasatzen zituen, “Ubidea” bere markarekin. 2004 eta 2005 urteetan Nafarroako Gobernutik inbertsiorako dirulaguntzak eskuratu zituen. 22.000 euro guzira.

2007garren urte honetan, berriz, produkzio-lerro berri bati ekin dio Ubideak, mikrouhin labean egiteko prest dauden aurrekozinatutako plateren enbasatuena, hain zuzen. Lerro honetan, lekaleak urdaia eta txorizoarekin, babarrun gorriak eta txuriak, lentejak eta garbantzuak eta pasta espiralak enbasatzen dituzte.

240.000 euroko inbertsioa

Produkzio lerro berri hau irekitzeko 240.000 euroko inbertsioa egin du Ubideak eta Nafarroako Gobernuak %17a subentzionatu du, 48.000 euro ordainduz 2008ko aurrekontutik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun