Fundazioko lurren salerosketa kontratuen inguruan azken asteetako adierazpen uholdearen ondorioz, azaroaren 15ean jendaurrean informazioa eman zuten Cornelia Lecuona Fundazioa kudeatzen duen Patronatuak eta Tantirumairu ikastolak Kasinoan.
Jakina denez, Fundazioko Patronatua herriko alkateak, herriko apezak eta apez laguntzaileak edo koadjutoreak osatzen dute eta hiruak, Koldo Erkizia, Ander Gillegi eta Juan Aiastui, alegia, jendaurrera agertu ziren. Beraiekin batera, Tantirumairu ikastolako ordezkariak izan ziren agerpenean.
Ander Gillegi apezak garbi utzi nahi izan zuen agerraldia ez zela ekintza politikoa eta, Cornelia Lekuona Fundazioaren historia eta erakunde honen helburuen berri eman zuen.
Ondotik, Lupe Muxika, ikastolako irakasleak «irtenbide bakarra kontratuak legalki deuseztatzea» dela aipatu zuen. Azken bi urteetan gai honen inguruan Patronatuak eta ikastolak izandako bileren eta hartutako erabakien berri eman zuen.
«36 etxebizitza ageri dira kontratuan, Musika Eskolarik ez»
Koldo Erkizia alkateak hartu zuen hitza segidan. Berak kargua hartu zuenean, bi salerosketa kontraturen berri izan omen zuen. «Batek Kristo-Enea futbol zelaiko lurrak eta ondoko baratza hartzen zuen eta 36 etxebizitza aurreikusten ziren, 18 babes ofizialekoak eta 18 libreak. Bertze kontratuak ikastola ondoko baratzea hartzen zuen, eta bi adosatu aurrikusten ziren». Alkateak azpimarratu nahi izan zuen, «inon ere ez zela Musika Eskolarik edo haurtzaindegirik agertzen, Juan Fermin Mitxelenak aipatu duen bezala, etxebizitzak, lokal komertzialak eta garajeak baizik. Bi kontratu hauen truke, 90.000 eta 18.000 euroko fidantza ere eman zuen konstruktoreak, txeke bidez». Kontratua beteko ez balitz Fundazioak fidantzan utzitakoaren bikoitza ordaindu beharko lioke eraikitzaileari.
Orain arte gertatutakoaren berri eman ondotik, hemendik aitzinera Patronatuak eta ikastolak eman beharreko urratsak azaldu zituen Lupe Muxikak. Irakasleak jakinarazitakoaren arabera, «kontratuak nuloak dira hiru arrazoiengatik: batetik, lurrak ezin direlako saldu, bertzetik, Juan Fermin Mitxelenak Fundazioaren botererik gabe sinatu zituelako eta azkenik, 1990ean sinatutako hitzarmen baten bidez, lurrak ikastolari utziak zaizkiolako 25 urterako, hau da, 2015. urtera arte. Halere, kontratuak nuloak izan arren, legalki deuseztatzen ez diren bitartean, indarrean daude».
Bide judiziala hartzea erabaki dute Patronatuak eta Ikastolak
Horregatik, konstruktoreak arazoa onez onean moldatzeko borondaterik erakutsi ez duenez, bide judiziala hartzea erabaki zuen Patronatuak irailaren 17an eta Tantirumairu ikastolak urriaren 11n egindako ez ohiko batzarrean. Kontratuen baliogabetasun legala galdegiten dute ikastolak eta Patronatuak, baita epaiketaren kostua Juan Fermin Mitxelenak eta Garayar konstruktoreak ordaintzea ere.
Bide judiziala segituz, lehenik, adiskidetza-ekitaldia eginen litzateke, baina hau aitzinera aterako ez balitz, ohiko epaiketa egin beharko litzateke.